Mintzaide interesgarria da beti Fotis Katsikaris (Korydallos, Grezia, 1967). Bere jakituria partekatu zalea da elkarrizketetan, eta bere taldearen ingurukoez gain, iritzi jantzia ematen du beste talde edo jokalari askoren inguruan. Baita NBAri buruz ere, Gescrap Bizkaia eta Los Angeles Lakers talde ezberdinak direla gogoratzeko bada ere.
Miraria dirudi, baina taldeko jokalari guztiak Bilbon daude aspaldi, taldearekin entrenatzen. Garrantzitsua da hori, baina, halere, ezin denboraldi-aurrean hain ohikoak diren gorabeherak saihestu, ezta?
Egia da udan nazioarteko partidak jokatzen dituzten jokalariak gurekin izan ditugula lanean hasi ginenetik. Denboraldi-aurre gogorra egitea dut gustuko, oinarri ona jarri, jokalariak bere muga ezagutu eta taldeak lehiakortasuna irabazteko, baina nire asmoak eta errealitatea ezberdinak dira. Sei jokalari berri etorri dira, horietako batzuek udan kirol jarduerarik ez dute egin, eta ezin zara haiekin egurrean hasi. Asko eskatzeak ere lesioen arriskua handitzen du, eta guk gure prestakuntzari kalte egiten dioten pare bat izan ditugu.
Nikos Zisis eta Lamont Hamilton, besteak beste.
Normala da, hau ez da eliteko soldaduak prestatzeko tokia, saskibaloi talde bat gara. Harrigarriena lesiorik ez egotea litzateke. Lesio arinak dira, bizpahiru asteko osatze prozesua behar dutenak, eta alde horretatik lasai gaude.
Gaur hamar egun prentsaurrekoa eman zenuen taldearen hainbat kontu aztertzeko, eta aurren-aurrena, sasoi honetako Gescrap Bizkaia zeharo ezberdina izango dela esan zenuen. Zergatik?
Batez ere, sei aldaketa egin ditugulako, eta aldaketa asko direlako: talde erdia. Eraso jokoan eraginkorragoak izango garelakoan nago, eta ez naiz puntu kopuruaz ari. Baloi gutxiago emateko helburua dugu, jabetza bakoitzari etekin handiagoa ateratzeko. Demagun gure jokoa aurreikusteko modukoa izan dela azken bi denboralditan, Jacksonek joko estilo jakin bat zuelako eta aurkariek haren abiadura oztopatzeko helburua zutelako. Hori aldatu nahi dugu orain, eta eraso jokoan beste erreferente batzuk eduki. Horretan ari gara lanean.
Aldaketa hori ez da erraza izango.
Ez, baina talde aberatsagoa dugula uste dut. Esan nahi dut posizio bitan joka dezaketen jokalari sorta ona dugula, eta horrek beti aberasten du alor taktikoa. Zisisek, adibidez, 1 eta 2 posiziotan joka dezake; Vasileiadisek ere bi posiziotan jokatzea nahi dugu, Roger Grimauk 2-3 modura; Mumbruk 3-4 posiziotan...
Pozik zaude egin duzuen taldearekin?
Ditugun baliabide ekonomikoak aintzat hartuta, bai. Guk jokalari zerrenda bat genuen, eta ondoan, erabil genezakeen diru kopurua. Bien arteko oreka bilatu behar da, eta ez da erraza izan, bost jokalari berri behar genituelako, eta lehiakor jokatzen jarraitu nahi baduzu, denetan asmatu behar duzulako.
Nahi zenituzten jokalariak fitxatu dituzue?
Bai, gure baliabide ekonomikoen araberakoak izan direlako. Hainbeste genuen, horren araberakoa lortu dugu. Jakina, 20 milioi euroko aurrekontua izango bagenu, lehentasunak bestelakoak lirateke, baina pozik nago.
Aaron Jacksonen izena eduki duzu ahotan. Jokalari garrantzitsua zen, Bilbon izen handia lortu zuena, baina jokoa asko baldintzatzen zuena ere bai. Bera gabe, Zisis etorri da. Zer eman dezake?
Zisis eta Raul Lopez. Nire ustez, Raul Lopezek joan den sasoian baino neurri hobea emango du. Zisis etortzeak Raul Lopezen jokoa aberasten du. Eskarmentu handia dute biek; titulu asko eskuratu dituzte, eta oso bikote ona osatzen dute, kalitate handikoa. Gainera, elkarrekin joka dezakete: Raul Lopezek 1 postuan, joko antolatzaile petoa, eta Zisisek eskolta jardunean, ia bi metro dituelako. Raul Lopez maisu bat da, talentu ikaragarria dauka, eta Zisis praktikoa da, egin beharreko gauzak ondo egiten dakien jokalaria. Bien arteko konbinazioa, kimika, perfektua da. Bost aste daramatzagu lanean biekin, eta esan dezaket taldekide eta joko antolatzaileen arteko elkar ulermena oso ona dela.
Jaurtitzaileen inguruan, Janis Blums joan zen, Kostas Vasileiadis geratu da, eta Fran Pilepic eta Adrien Moerman etorri dira. Itxura batean, baliabide gehiago eta hobeak, ezta?
Arrisku handiagoa daukagu kanpoko lerroan. Egia da Pilepic gaztea dela, eta lehengai ona badauka ere, poliki-poliki egin behar da bidea berarekin. Zisis etortzeak ere lasaitasuna emango dio Pilepici, eskarmentu handiko jokalaria izango duelako alboan. Vasileiadis eskolta postura bideratzen ari gara, asmo horrekin. Jaurtitzaile petoa da, baina hori baino gehiago izatea nahi dugu: blokeoa eta jarraipenean jokoa sortzea, baloia hobeto eramaten saiatzea, defentsan hobea izatea... Presioa kendu nahi diogu Pilepici. Badakigu jokalari ona izan daitekeela, baina aintzat hartu behar da ACB liga Adriatikokoa baina askoz exijenteagoa dela. Ez diogu gauza askorik eskatu nahi, oraingoz, eskatzen hasten bagara bere bilakaera ona eten daitekeelako agian. 22 urte ditu, bi urte on egin ditu, baina ez dugu presarik eduki behar. Zaindu egin behar dugu.
Zer diozu Moermani buruz? Askok diote oso fitxaketa ona dela. Ados?
Egungo saskibaloian garrantzi handia dute 4 postuan jokatu eta kanpoko lerrotik asmatzen duten jokalariek. Hegaleko irekia, esaten dena. Adibide asko eta asko ditugu: Mirza Teletovic, Alex Mumbru bera...
Kanpoko lerroan aldaketa franko izan dituzue, baina aldaketa sakonenak, ziur aski, saskipean izan dira. Marko Banic, D'Or Fischer eta Dimitris Mavroeidis joan dira, eta Milovan Rakovic eta Lamont Hamilton etorri. Jende langileagoa, gogorragoa defentsan.
Aurren-aurrena, gure helburua D'Or Fischer taldean geratzea zen. Azken unera arte saiatu ginen bera lotzen, baina ez da posible izan, Ukrainako Donetsek dirutza eskaini diolako. Funtsezkoa zen niretzat, eta ia-ia ordezkaezina, ez baitago D'Or Fischerren moduko jokalari askorik merkatuan. Asko balio dute, eta Euroligako talde handi guztiak saiatu dira jokalari mota hori fitxatzen. Zaila izango zela jakitun, B plana jarri genuen martxan. Jokalari garaiak lotzea zaila zegoela ikusita, beste alde batetik jo genuen, eta Rakovic fitxatu genuen. Oso azkarra da blokeo zuzenetan, pisu handikoa izanda ere, eta jaurtiketa libreko gunetik, bospasei metrotik jaurtiketa txukuna du. Ez dauka bizkarreko jokorik, errebotean ere badu zer hobetzeko, baina borrokalaria da.
Eta Rakovicen bikote kide, Hamilton. Hemezortzi puntu eta zortzi erreboteko batez bestekoak, baina Frantziako Ligan.
Talentu handia dauka. 4-5 postuetan joka dezake. Hiruko jaurtiketa ona du, oso indartsua da saskipean, eta ondo mugitzen da. Ez da sasoiko etorri, baina lortuko du. 28 urte ditu dagoeneko, baina egokitzen bada, gauza asko emango dizkigu. Frantziako zenbaki horiek 11 puntu eta sei errebote izan litezke ACB ligan.
Bost aldaketa aldaketa asko dira. Iritsi berrien egokitzapen prozesua luzatzeak arduratzen al zaitu, edo ez?
Bai. Gure helburua fitxaketa horiek errendimendua ematen hastea da, ahalik eta azkarren.
Noiz gerta liteke hori?
Batzuen kasuan azaroan, beste batzuek akaso beste hilabetetxo bat edo beharko dute. Hasieran asmoa ahalik eta partida gehien aurrera ateratzea da. Urrian ez dugu partidarik jokatuko aste erdian, eta horri etekina atera behar diogu, azaroan Eurokopa hasterako sasoiko egoteko.
Kirol helburuak finkatzeko goiz dela esan zenuen. Zein izan beharko luketen esatea erraza zela, baina lortzea ez hainbeste.
Ez dut gustuko agian beteko ez ditugun kirol helburuak finkatzea, zalea engainatzea. Hasiera ez da samurra izango, eta lana egin beharko dugu martxa hartzeko. Ez naiz Los Angeles Lakerseko entrenatzailea, helburua eraztuna irabaztea dela esan dezakeena. Zer esan dezaket gaur? Noski, Espainiako Koparako sailkatu nahi genukeela, liga zortzi onenen artean bukatu eta Eurokopan ere ahalik eta urrunen iritsi.
Eurokopa da Euroligan aritzeko bide bakarra, baina badirudi sasoi honetako Eurokopa oso garesti datorrela.
Euroligako talde sorta handia arituko da Eurokopan: Valentzia eta Errusia, Ukraina eta Turkiako talde aberats asko. Azken fasera iritsi nahi genuke, baina goazen pausoz pauso.
Badirudi Ligan bi aberatsak, Bartzelona eta Real Madril, urrunago daudela, eta erdiko klaseak estatusari eusteko arazo ekonomikoak izan dituela. Ados?
Saskibaloia futbolaren isla izatea berri txarra litzateke. Bi handiek ez dakit zenbat punturen aldearekin nagusitzea. Oraingoz hainbesteko alderik ez dagoela esango nuke. Liga lehiakorra aurreikusten dut. Izar gutxiagorekin, baina izar bihurtu litezkeen jokalari on askorekin. Aaron Jacksonen kasua gogoratu nahi nuke. Bilbora etorri zenean erabat ezezaguna zen, eta orain Moskuko CSKAn ari da soldata mamitsua jasotzen. Orain ezezagun samarrak diren baina jokalari onak bihur litezkeen sorta handia dagoela esango nuke. Gure taldean, eta talde askotan. Jokalari onak izan litezkeen jende gazte asko dago.
Ligaren mailak behera egin du?
Ez. Izar gutxiago daude. Egia da ezin duzula Teletovic bat beste Teletovic batekin ordezkatu, ez behintzat hilabete batzuetan, baina urtero pasatzen dira halakoak, eta maila mantendu edo hobetu egiten da. Aldaketak aldaketa, ACB liga Europako Liga onena izango da berriro.
Saskibaloia. 2012-2013 sasoiko ACB liga. Fotis Katsikaris. Gescrap Bizkaiako entrenatzailea
«Taktikoki aberatsagoak gara, baina aldaketa asko egin ditugu»
Ikur ziren jokalariak joan dira Bilbotik: Jackson, D'Or Fischer, Banic... Fotis Katsikarisek, beraz, badu lana. «Pazientzia» eskatu du. Azaro edo abendutik aurrera lortuko omen dute sasoirik onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu