Talde erdiarekin ezinezkoa da

Jokalari sorta handiaren ekarpen apala garesti ordaindu du Baskoniak Malagan, eta galdu egin du Unicajaren aurka

Andoni Urbistondo.
2010eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Batzuk ondo ari dira, eta besteak ez. Ez dago gehiago. Baskoniak lauzpabost jokalarirekin egin beharko du aurrera liga hasiera honetan, baina bost horiek ez dira makinak, nekatu egiten dira, eta huts egiten dute. Horiek ordezkatzeko beharra daukaten jokalariek euren lana ondo egiten ez badute, emaitza jakina da: porrota. Baskoniak talde on baten aurka galdu zuen, azken segundoa arte belaunikatu gabe. Baina zenbait jokalariri euren jarduna hobetzeko eskaera egin behar zaie lehenbailehen, zama astunegia direlako.

San Emeteriok ondo jokatu zuen atzo. 30 puntu eta 32ko balorazioa. Beti bezala. Bikoak, hirukoak, defentsa, erreboteak, kemena, grina... Loganek ere lehengai ona daukala erakutsi zuen, eta hamar puntu saskiratu lehen zatian jarraian. Florent Pietrus izan zen ezustekoa. Bederatzi errebote hartu zituen, eta Barac aulkian utzi zuen, ia bigarren zati osoan. Pietrusek Baracen talentu erdirik ez dauka, baina kemen eta indar bikoitza.

Hortik aurrera, ezer gutxi. Teletovicek hamar-hamabi jaurtiketa egingo ditu partidako. Horretarako da taldeko liderra, kapitaina. Hamahiru egin zituen atzo, eta bi bakarrik sartu. Barac ondo hasi zen: lau puntu eta sei errebote. Baina urtu egin zen Freeland, Archibald eta Jimenezen aurrean. Jardunaldi batean ondo, hurrengoan gaizki. Zenbat astetan, dagoeneko... Huertas ere ohi baino pattalago aritu zen, geldo blokeo eta jarraipenean, eta gaizki jaurtiketan. Jokatu zuen beste hirukotea zama gaindiezina izan zen. Olesonek -4ko balorazioa lortu zuen, beste hainbeste baloi eman ostean. Pau Ribas ez hotz ez bero ibili zen: 0 puntuko balorazioa; eta Bjielicak oraingoz burua beste nonbaiten duela dirudi.

Defentsa boskote ona

Eta, hala ere, ez da ezer larririk gertatzen. Unicaja talde sendoa da, batez ere Malagan, eta han irabaztea ez da lan erraza. Abisu bat da Baskoniarentzat: hobetu, edo komeriak. Unicajak hobeto ekin zion demari. Baskonia, Alacanten aurkako garaipen erosoa gogoan, lokartuta kantxaratu zen. Esnatzerako 9-2 aurreratu zen Unicaja. Loganen sarrerak kemena eman zion, eta 21-27 aurreratu ziren gasteiztarrak.

9-0eko partziala lortu zuen orduan Unicajak. San Emeterio arnasa hartzen ari zen unean, hain zuzen ere. Atsedenaldian lau puntukoa zen etxekoen aldea, eta bigarren zatia polita izan zen. Polita, Unicajak hamabi punturen zuloa ireki arren (47-35) gora egin zuelako Baskoniak defentsa boskote bikainarekin: Huertas, Logan, San Emeterio, Teletovic eta Florent Pietrus kantxaratu zituen Ivanovicek, eta horrek Malagakoen iturria itxi zuen.

Boskote horrek, ordea, ahuluneak ditu. Errebotea, batez ere. Unicajako jokalari garaiek aldaratze sorta erabakigarria berreskuratu zuten, eta hortxe bukatu zen Baskoniaren kemena.



Unicaja 76

C. Laboral Baskonia 69

Unicaja. Mc Intyre (6), Saul Blanco (4), Printezis (9), Jimenez (8), Freeland (12) -hasierako bostekoa-; Panchi Barrera (4), Saul Blanco (4), Berni Rodriguez (15) Rubio (8) eta Archibald (8).

Caja Laboral Baskonia. Huertas (10), Oleson (3), San Emeterio (30), Teletovic (5), Barac (4) -hasierako bostekoa-; Logan (14), Ribas, Pietrus (3) eta Bjelica.

Markagailua laurdenka. 17-18, 34-30 (atsedenaldia); 57-54 eta 76-69.

Epailea. Martin Bertran, Bulto eta Peruga. Kanporaturik ez.

Bestelakoak. 11.000 lagun Martin Carpena pabiloian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.