Atsekabe galanta eragin du Athleticek Espainiako Kopako finala galdu izanak. Eta ez da gutxiagorako. Gauza bat galtzea da, eta bestea 3-0eko astindua jasotzea, ezertarako aukerarik izan gabe. Bukaresteko Europako Ligako finaleko filma berriro ikusi zuten herenegun zuri-gorriek Vicente Calderonen, eta ez zelaian bakarrik. Baita partida ondorengo jardunean ere. Jokalariak eta zuzendaritzako kideak burumakur irten ziren aldageletatik, Josu Urrutia presidentea barne (Lekeitio, Bizkaia, 1968). Minduta egonagatik, oso adeitsu egon zen Athleticeko presidentea kazetariekin —ez du elkarrizketarik eskaini denboraldi honetan—, eta aurrera begiratu beharra dagoela nabarmendu zuen.
Ilusio handia zegoen finalerako, baina lehenengo minututik zapuztu zen. Zer gertatu zen?
Ez dago aparteko sekreturik. Bartzelonari irabaztea sekula ez da erraza. Hori lortzeko norberak duen mailarik onena eman beharra dago. Argi eta garbi dago: guk ez dugu gure onena eman, eta merezita galdu dugu finala. Jakina zen Athleticek denboraldi honetan egin duen jokorik onena eginda ere zail izango zuela irabaztea. Bada, hala jokatuta, ezinezkoa da Bartzelona mendean hartzea.
Partida hasi bezain laster gola hartu, eta ondoren dena jarri zen maldan gora. Bukaresteko gidoia etorri al zitzaizun burura?
Bai, behin baino gehiagotan, gainera. Bi partidak pantaila baten aurrean konparatuko bagenitu, antzeko ezaugarri asko aurkituko genituzke. Hasiera-hasieratik ezina igarri da; jokalariek ezin zuten baloia nahi zuten bezala atera, eta, azkenean, emaitza bera ere Bukaresteko bera izan da.
Normala da 25. minutua bete baino lehen finala erabakita egotea?
Guztiz normala da. Bartzelonak oso jokalari onak ditu, eta erraztasunak emanez gero, jokalari horiek berehala desorekatzen dute norgehiagoka. Aukera bat edukita, ez dute hutsik egiten, eta ez dute barkatzen.
Finala jokatu aurretik esana zenuen galdu edo irabazi Athleticeko jarraitzaileek ez dutela hutsik egiten. Ikusi da galduta ere animatzen segitu zutela, baina egunen batean tituluren bat irabaztea ederra izango litzateke.
Zalantzarik gabe. Jarraitzaileek taldeagatik ematen dutena itzela da, eta egun osoan ikusi ahal izan da hori. Beste behin frogatuta geratu da zale zuri-gorriak munduko onenak direla. Eta ez da egun bateko kontua soilik: urte guztian portatzen dira bikain. Ni ez nintzateke emaitzarekin bakarrik geldituko.
Denboraldia ez duzue nahi bezala amaitu. Onena finala azkar ahaztea izango da.
Bai. Baina finalera iristeko merituak egin behar dira, eta Athleticek egin ditu sasoi honetan. Izugarria da lortu duguna, bi final jokatu ditugu, eta kontuan eduki behar da oso taldea gaztea daukagula. Ziur nago zaleek eta jokalariek merezi duten titulua iritsiko dela egunen batean. Dena ongi egingo bagenu, seinale txarra izango litzateke. Asko ari gara ikasten, hobetzeko asko daukagu eta, alde horretatik, baikorra naiz. Talde honek izugarri dauka oraindik emateko.
Horixe da, hain zuzen ere, orain arte ikusi dena. Athleticeko belaunaldi honek badauka titulu bat eskuratzeko gaitasuna.
Asmoa hori da, behintzat. Eta ez dut gezurrik esango: niri ere bikaina iruditu zait jokalariek egin duten jokoa. Athleticen 114 urte hauetan gogoangarrienetakoa izango da denboraldi honetakoa, eta hori ezin dezake edonork esan. Marcelo Bielsa fitxatu genuenean partidaz partida joatea zen gure helburua, eta begira noraino heldu garen. Bi final galdu ditugu, baina baikorrak izan behar gara.
Jokalarientzat sasoia bukatu da, baina zuzendaritzan lanean jarraitu beharko duzue. Entrenatzailea gora, entrenatzailea behera. Zer esan behar du Athleticeko presidenteak?
Orain arte esan duguna, besterik ez. Guretzat orain urtebete Bielsa zen entrenatzailerik aproposena, eta orain ere hala da; gehiago, urtea nola joan den ikusita. Momentu hartan, hitzartu genuen azken partida amaitzean hitz egingo genuela, eta datorren astean erabakiko dugu.
Baikor zaude kontratu luzapenari begira?
Nik esperantza badaukat. Guretzat egokiena Bielsa gelditzea da, baina jakin behar dugu beraren ikuspuntua zein den eta berak zer nahi duen. Lehenengo, haren hitzak entzungo ditugu, eta guk garbi utziko diogu hemen jarrai dezan nahi dugula. Athleticen filosofiari eta proiektuari erreparatuta, beharrezkoa da Bielsa.
Futbola. Espainiako Kopako finalaren ondorena. Josu Urrutia. Athleticeko presidentea
«Talde gaztea daukagu; iritsiko da tituluren bat»
Zapore gazi-gozoarekin dago Josu Urrutia. Gazia, Espainiako Kopako finala galtzeagatik, eta gozoa, taldeak denboraldian eman duen itxuragatik. Nabarmendu du porrotak min eman arren aurrera begira baikorra izan behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu