Pare bat hitz eskatuta, «aldaketa» eta «ilusioa» aipatu ditu Mikel Azparrenek, Caja Ruraleko manager nagusiak (Donostia, 1971). «Guztiek edukiko dute euren momentua denboraldian». Joan den denboralditik, hemezortzi txirrindulariko multzoan zazpik soilik jarraitzen dute taldean: Aleksandr Ryabkin, Aitor Galdos, Julian Sanchez Pimienta, Igor Romero, David de la Cruz, Fabricio Ferrari eta Garikoitz Bravok. «Aldaketa handia izan da». Iruñean dauka egoitza nagusia Caja Ruralek. «Eta etxeko txirrindulariak eta langileak elkartuz joatea da nire asmoa, ezaugarri jakin batzuk dauzkagulako Euskal Herrian». Baina fitxatutako 11 txirrindularien artean, RadioShack taldetik iritsi da izar nagusia: Manuel Cardoso portugaldarra. «Ezinbesteko txirrindularia da guretzat, garaipenak emango dizkigulako. Sasoi guztietan irabazi du World Tourreko probaren bat, eta ea horri eusten dion».
Biescasekoaren ondoren, Caja Ruralek Fuerteventuran egin berri du lehen kontzentrazio serioa, eta urtarrilean beste bat egingo du han, hamasei egunekoa. Gustura dago Azparren. «Haizeak gogor jotzen du Fuerteventuran, lauzpabost kilometroko igoera gogorrak ere badaude, eta oso egokia da entrenatzeko». Helburuetako bat da txirrindulari berriei azaltzea zergatik fitxatu dituzten. «Eta, horrez gain, eurengandik zer espero dugun argitzea eta helburuak zehaztea». Gipuzkoarra azkar moldatu da manager nagusi lanera.
Xabier Artetxe aurreko denboraldian zuzendari izandakoa taldearen egituratik kanpo geratuta, Eugenio Goikoetxeak eta biek izango dute denboraldi honetan kirol arloaren ardura. Azparrenek ez du arazorik izan argitzeko Artetxek zergatik ez duen taldean jarraitzen. «Bizitzan bertan eta harremanetan gertatzen den moduan, ikuspegiak ez ziren berberak, eta horrelakoetan hobe izaten da harremana lehenbailehen etetea. Oso ondo lan egin du, baina kirol irizpideetan ez genuen bat egiten, eta kito. Ez da beste ezer gertatu».
Aldaketa saltsa horretan bada nabarmentzekoa den beste bat ere. «Psikologo bat gehitu dugu taldearen egiturara». Jose Luis Gonzalo da psikologo hori. «Talde giroa indartzea da helburua. Txirrindularitza aldatu egin da. Talde bakoitza enpresa bat da, txirrindulari izatea lanbide bat da azkenean, eta psikologoak lagundu egingo die txirrindulariei kirol arloan hazten». Joan den denboraldian Iñigo Cuestak egiten zuen, gutxi-asko, psikologo lan hori. «Baina talde barruan batasuna falta zela antzeman genuen. Irizpideetan denek ez zuten bat egiten, eta hori izango da psikologoaren lana, batasuna lortzea».
Euskal Herriko txirrindulari askok nolabaiteko harrobi gisa baliatu izan dute Caja Rural, baina lau euskal herritar besterik ez dira ageri denboraldi honetarako txirrindularien zerrendan. Nahia eta ahalmena balantza berean jarri ditu, berriz ere, Azparrenek. Eta xehetasun bat gehitu dio datu horri. «Beheko taldetik hiru gazte igo ditugu adibidez, eta, kasualitatez, atzerritarrak dira hirurak: Yelko Gomez panamarra, Josue Moyano argentinarra, eta Karol Domagalski poloniarra. Atzerritarrak dira, bai, baina hirurak gure harrobikoak dira». Onartu du gustatuko litzaiokeela taldean Euskal Herriko txirrindulari gehiago edukitzea. «Baina zoritxarrez, gaur egun Euskaltel-Euskadiri begiratzen diote oraindik etxeko txirrindulariek, eta ulertzen dut. Denborarekin, Caja Rurali ere begiratzea espero dut».
Aramendia, Ferrari, Romero eta Galdosen babesean, Cardoso izango da esprinter nagusia. «Etapa lau-lauetan argi dago haren alde egingo dugula. Baina Aitorrek [Galdos] berak, adibidez, edukiko ditu aukerak, Euskal Herriko Itzulian esaterako». Ez dute portugaldarraren emaitzen zain egon nahi. Caja Ruralek oso talde gaztearekin ekingo dio denboraldiari, urtarrilean, San Luiseko Tourrean, Argentinan. «Moyano, Yelko, Domagalski, Marcos Garcia, Ryabkin eta Lasca joango dira». Esprinter peto bat dago hor. «Lasca italiarra. 23 urte dauzka, eta beheko mailetan erakutsi du irabazlea dela. Gaztetasuna eta kalitatea uztartu nahi ditugu».
Lasterketara joan, eta txirrindulariek beti irabazteko gosea eduki nahi du donostiarrak. «Algarvera joatea, eta irabazi nahi izatea; Andaluzian Cardosorekin etapa bat irabaztea eta Piedra aurrean kokatzea; Kataluniako Voltan Galdosek eta Cardosok aukera edukitzea... Gosea nahi dut taldean, irabazteko grina hori».
Espainiako Vueltari begira
Azparrenek badaki «ia ezinezkoa» dela itzuli bat irabaztea. «Handinahiak izango gara, baina non gauden jakinda». Horrek ez du esan nahi, ordea, lan egite soilarekin etsiko dutenik. «Ea gai garen Euskal Herriko Itzulian pozen bat hartzeko». Hori aipatzearekin batera, Euskal Herritik Espainiara salto egin du berehala. Joan den denboraldian kolpe handia hartu genuen Vueltatik kanpo geratuta. «Eta hasieratik gogor lan eginda, umiltasunez, ea lortzen dugun Vueltara joatea. Iruñetik bertatik abiatuko da, gainera. Oraingoz, ez dakigu ezer, baina oso gogorra litzateke ez joatea».
Hiru asteko itzuli batean egongo ote diren ez jakiteak asko zaildu du managerraren lana. «Cardosori, adibidez, ezin genion hitzeman Vueltan egongo zenik; Morenok eta Herradak, berriz, oso eskaintza onak zeuzkaten mahai gainean, baina joan egin dira... Zaila da horrelako egoera batean lan egitea». Caja Ruralek astindu handi samarra hartu du aurreko denboralditik, baina talde hitzaren esanahi guztien mesedetan izango dela sinetsita dago Azparren. Grina nabari zaio managerrari, eta egurrerako prest dago.
'Talde' hitzaren esanahi guztiekin
Caja Ruralek lan egiteko modua eta egitura bera aldatu ditu sasoi honetan, eta Mikel Azparren managerra da aldaketa horien emaitzetako bat. Ilusioa nabari zaio hizketan, eta irabazteko grina eskatu die txirrindulariei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu