ACB ligako finala jokatu zuen, eta Euroligan aritzeko saria lortu lehen aldiz. Nola ahaztu Bilbo Basketen maiatza eta ekaina, bere historia laburreko arrakasta handi hura? Sekulako balentria egin zuen, baliabidez aberatsago ziren taldeak utzi zituelako bide bazterrean, eta, bere txikian, handiak garaiezinak ez direla erakutsi zuelako. Hilabeteak pasa dira, uda hasierako beroa ere bai, eta udazkena iritsi da Bilbora. Esanak, emozioak, asmoak kontrolatzeko unea da, tentuz jarduteko garaia. Arrakasta batek ez duelako betierekoa ziurtatzen.
Alegia, bakarren bat berriro ligako finala, Espainiako Kopa eta Euroligako final-laurdenak exijitzen hasiko dela, eta hori ez da bizkaitarren bizilekua. Horiek lortzen saiatu behar dute, baina horiek lortzeko gehiegizko presiorik gabe. Egindakoak eginda, ez da komeni sobera puztea. Puztu eta puxika lehertzen bada, kolpea handiagoa izanen delako, mingarriagoa.
Zein da Bilbo Basketen helburua? Hazten jarraitzea. Nola? Ligako zortzi onenen multzoan sartuta, Kopan kanporaketaren bat gaindituta, Euroligan txapelketa ezagututa, eta zaleei Europako talde ahaltsuenen aurkako ahalik eta partida kopuru handiena eskainita. Hobetu, lehengaia baduelako, baina pazientziarekin. Iritsiko delako bolada txarren bat denboraldi luzean. Nekea, aurkari zailak, lesioak... Orduan erakutsi behar da patxada, bizkaitarrak ez daudelako elitean. Elitera bidean, agian, baina ez elitean.
Bartzelona iritsezina da. Real Madrilek ere talde bikaina osatu du, eta Baskonia ere ez da bi horiengandik urrun ibiliko. Valentzia, Cajasol, Unicaja eta beste ere talde onak osatzen ari dira, eta konpetentzia zorrotza izanen da. Gauza ona litzateke Bilbo Basket azken hiru talde horien gainetik ibiltzea, eta, ahal den neurrian, Baskoniaren jardunera hurbiltzea ligan. Euroligan pausoz pauso joan behar da, Fotis Katsikarisen taldea iritsi berria delako.
Berme handiko hiru fitxaketa
Bulegoetako lana aztertu behar balitz, teknikariek jokalariak ligan egin zuten lan on bera egin dutela esan daiteke. Taldearen bizkarrezurrari eutsi diote, eta bizkarrezurra oso ondo indartu. Aaron Jacksonek bigarren sasoiari ekingo dio, eta udan, Florida aldean, hobekuntza saio gogorrak egin omen ditu. Ezustekoa izan zen taldeak Josh Fischerri kontratua berritu izana, baina mugimendu ona da taldeak izango duen partida karga handia gogoan. Janis Blumsek jarraitzea ere airean zegoen. Gorabeheratsua da letoniarraren jarduna, baina bistan da, ondo aritutako partidak hain ondo aritu ez direnak baino gehiago izan dira.
Bi greziarrek ere bere ekarpena hobetzea litzateke logikoena. Bigarren urtea dute taldean, eta haien konpromisoak ez du zalantzarik sortzen. Ezta Alex Mumbru, Marko Banic kapitaina eta Axel Hervellerenak ere. Mumbru erabakigarria izan zen aurreko sasoiko lorpenetan, eta Banic eta Hervelle ederki moldatu ziren elkarrekin kantxan. Zortzi dira, denera, taldean jarraituko duten jokalariak, eta horrek onuragarria izan behar du ezinbestean, talde izaera indartuko duelako.
Bilbon gutxienez urtebete pasatzera etorri den hirukotea bezalaxe. Hirurak dira eskarmentudunak, hirurak balekoak euren jardunean. Jokoan zer eman dezaketen ikusi gabe, oso jokalari interesgarriak direla esan daiteke. Raul Lopezek Jacksonek ez daukan tenplea emango dio jokalariari. Bere fisikoa muga handia da, baina talentu handikoa da Gironakoa, eta ez dira asko berak egiten dituenak egiteko gai diren joko antolatzaileak.
Goraipatzekoa da, era berean, Roger Grimauk hartutako erabakia. Bizitza osoa Bartzelona kutunean egin, eta erretiroa hartu aurreko azken urteak Bilbon egitea erabaki du. Ekaineko finalean Miribillan bizi izan zen giroarekin harrituta geratu, eta giro hori etxeko taldean jokatuta ezagutu nahi zuelako etorri omen da. Jokalari osoa da, baina une kritikoetan eman dezakeen patxada da bere dohain onena.
D'Or Fischer distira gutxiko pibota da, baina zenbaki onak lortzen ditu. 211 zentimetro da luzean, ona da txapelak jartzen, eta saskiratzen ere ez da makala.
Saskibaloia. Espainiako Superkopako euskal taldeak
Talde itxurosoa osatu du, baina ez zaio komeni puztea
Hernandez-Sonseca eta Warrenek utzi dute Bilbo, eta Raul Lopez, Roger Grimau eta D'Or Fischer etorri dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu