«Zaila da oraintxe sentitzen dudana azaltzen». Hala mintzatu zen atzo Markel Irizar (Radioshack) Andaluziako Itzulia irabazi ostean. Ez da harritzekoa oñatiarraren erantzuna, bere ibilbideko garaipenik handiena lortu berri zuelako. Lasaitasunarekin eta gehiegi sufritu gabe irabazi du, gainera, eta goraipatu beharrekoa da taldekideek ihesaldiak ezerezean uzteko egin duten lan eskerga. Irizarrek berak bihotzez eskertu zuen taldekoen jarrera: «Oso pozik nago garaipenarekin; baina, batez ere, taldekideek nire alde egin duten lanarekin».
Orain arte Poitouko Tourreko etapa bat zen oñatiarraren emaitzarik hoberena. Iaz irabazi zuen, 22 kilometroko erlojupeko batean. Praktikan, hori zen profesional mailan zuen garaipen bakarra. Orain, Andaluziako Itzulia gehitu dio lorpen zerrendari.
Atzoko etapa ihesaldietarako edo esprinterrentzat zen aproposa; laua zen, eta mendate bakarra zuen, helmugatik gertu. Ihesaldi bat Radioshacken urduritasuna pizteko zorian egon zen, Irizarren lidergoa arriskuan jar zezakeelako. Bi minutuko abantaila hartu, eta hari eusten saiatu ziren iheslariak, baina helmugatik hiru kilometrotara harrapatu zituen tropelak. Azkenean, Oscar Freirek (Rabobank) irabazi zuen berriro, Samuel Sanchezen (Euskaltel-Euskadi) aurretik oraingoan. Sanchezek Koldo Fernandez de Larreari eskaini nahi zion etapa garaipena, baina Rabobankekoa nagusitu zitzaion.
Talde lanari esker irabazi du Markel Irizarrek Andaluziako Itzulia
Radioshacek ez du ezustekorik onartu, eta azken etapa esprintean amaitu da; Freirek irabazi du hori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu