Lagun Arok bi postu galdu zituen sailkapenean Alacanten aurka galdu ostean, baina ezer ez da aldatu Donostian. Partidaz partida pentsatzeko filosofia hezurretaraino sartua dute taldean, eta hitz bakarra dute buruan; tira, bi: Real Madril. Ligako liderra dator bisitan Donostiara, Pablo Laso Lagun Aroko entrenatzaile ohia gidari duela (18:00, Teledeporte). Izarrez jositako taldea da Madrilgoa, postuz postu Lagun Arok baino talde hobea duena, baina Sito Alonsok diskurtso garaile bat bota du berriro: «Badakigu jokalari apartak dituztela, baina guk ere bai. Ez dugu zertan arduratu jokalari bikainak dituztelako. Haien ekarpena nola murriztu landu behar dugu».
Adibide argigarri bat jarri zuen entrenatzaileak, Llull eta Carroll nola geldi daitezkeen galdetuta: «Ez gara gu arduratuta gaudenak. Bi jokalari horiek arduratzea da gure asmoa, Salgado eta Baron ere ez direlako herrenak». Bai Salgadok, bai Baronek defentsa alorrean egin duten hobekuntza nabarmendu zuen atarikoan, eta talde moduan jardutearen garrantzia azpimarratu: «Europako talderik onena daukate, badakigu. Eta? Nik ere talde ona dut, eta Real Madrili buruko min apur bat sortzen saiatuko gara». Haiek bezala jokatuz, gainera. Alegia, erritmo handiarekin: «25 partida jokatu dira dagoeneko, eta puntu gehien sartzen dituzten taldeetan bigarrenak gara. Ondo moldatzen gara bizi-bizi jokatuz. Arriskutsuagoa litzateke puntu gutxira jokatzea, haiek talentu handiagoa dutelako eta eraginkorragoak liratekeelako».
Partidako gakoa zein izango den galdetu ziotenean, Illunbera joango den zale kopurua eta errebotea aipatu zituen: «Jende asko joango dela uste dut, eta garrantzitsua da zaleek sinestea gai garela Europako onenen aurka lehiatzeko». Erreboteaz, esaldi zehatz bat: «Erasoko errebotean nagusitzen badira, akabo. Ez da bakarrik piboten kontua; hegalekoek eta 1 eta 2 postuetan jokatzen dutenek ere lagundu behar dute, Real Madrilek ondo lantzen duelako alor hori». Lagun Arok zalantza bakarra du. Raul Netok orkatila bihurritu zuen ostegunean, eta haren parte hartzea zalantzazkoa da.
Estudiantes eta Banca Civica
Caja Laboralek ere etxean jokatuko du, Estudiantesen aurka, baina partidak berak baino prentsa orri eta irrati uhin gehiago bete ditu Andres Chapu Nocioniren itzulerak. Ostiral gauean baieztatu zen hegaleko argentinarra Gasteizera bueltatuko dela, baina bistan da akordioa askoz lehenago lortu zutela, Nocioni bera Buesa Arena eraberrituan izango baita gaur ikusle gisa. Kaleko jantziz, hori bai, haren aurkezpena hurrengo astean egingo baitute. Ivanovicek ez du Nocioniren fitxaketaz iritzirik eman atarikoan, «gaur Estudiantesen aurkako partidak duelako lehentasuna». Sailkapenaren zuloan egonda ere Deane eta Kirksayrekin hobeto ari dela esan du entrenatzaileak, eta irabaztea askok uste dutena baino zailagoa izango dela Carlos Jimenez itzuli delako (18:00).
Gescrap Bizkaiak bakarrik jokatuko du etxetik urrun, baina dagoeneko ohituta daude (12,30, ETB 1). Asteartean atera ziren Bilbotik, eta gaur iluntzean bueltatuko dira, Banca Civicaren aurka jokatu ostean. Taldea 18:00etan iritsi zen atzo Madrildik, hara Moskutik lau orduko hegaldi luze eta nekeza egin ostean. Taldeak apenas izan duen astirik partida prestatzeko, eta neurketa erabakigarria izan liteke bi taldeek zortzi onenen artean sartzeko duten borrokan.
Normalean, egurrean hasiko da Banca Civica, Gescrap nekatuta dagoela jakitun, eta lehen laurdenean eustea komenigarria izango litzateke. Bizkaitarrek ezin dute liga albo batera utzi, are gutxiago kontuan hartuta Euroligako azken laurdenak aldapa gora jarri zaizkiola. Galduko balu, azken zortzi partidetatik bost irabazi beharko lituzke titulua lortzeko kanporaketetan jokatu ahal izateko, eta exijentzia handia da hori.
Taldea izarren gainetik
Sito Alonsok talde lana eskatu die jokalariei, kalitate eta talentu handiko aurkaria menderatu ahal izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu