Realeko jokalaria

Sheraldo Becker: «Taldearentzat eraginkorra izatea da sasoi amaierarako helburua»

Sheraldo Beckerrek «ondo» ekin dio Realeko ibilbideari. Jokalari txuri-urdinak «taldea lagundu» nahi du Europarako bidean. Gustura dago Donostian, eta urte askotarako ikusten du bere burua bertan.

(ID_17139666763465) Sheraldo Becker jokalaria. REALA
REALA
Jon Ander De la Hoz.
2024ko apirilaren 26a
05:05
Entzun

Realak neurketa handia du gaur. Real Madril liderra jasoko du Anoetan (21:00, Movistar), Espainiako Ligako 33. jardunaldia zabalduko duen partidan. Norgehiagoka zaila izanagatik, txuri-urdinek aurrerapauso bat eman nahi dute Europara bosgarren aldiz jarraian sailkatzeko bidean. Azken bi neurketatan bana berdindu dute donostiarrek, Almeriaren eta Getaferen aurka, zeinak sailkapenean beherago baitaude. Haatik, Sheraldo Becker (Amsterdam, Herbehereak, 1995) bere mailarik onentsuenean aritu da urtarrilean Donostiara heldu zenez geroztik. Surinamen sustraitutako jokalariak —hango selekzioarekin jokatzen du— sartu zuen taldearen gola Almeriaren aurkakoan, eta goleko pase bat ere eman zuen. Halaber, gauza bera egin zuen joan zen igandean Getaferen kontra, erdiraketa bikain bat eginda. Gustura dago Euskal Herrian, eta nabari zaio: «Leku atsegina da», esan du. Elkarrizketa ingelesez eginagatik, euskaraz egin du diosala Zubietako aretoan.

Azken partidetako maila onari segida emanez, nola hasi duzu astea?

Sentipen onak izan ditut partidetan, golak eta paseak emanez, baina, zoritxarrez, ez ziren nahikoa izan taldeak hiru puntuak eskuratzeko. Niretzat, bai, oso sentipen onak izan dira. Bide onean nagoela erakutsi didate.

Arlo pertsonalean, Realera ailegatu zarenetik momenturik onenak igarotzen ari al zara?

Bai, pentsatzen dut baietz. Minutuak edukitzen ari naiz jokatzeko, eta nire ahala erakusten ari naiz. Taldea lagundu nahi dut, bai defentsa arloan, bai erasoan. Batez ere, golak sartuz eta goleko paseak emanez. Hori dago nire jokoaren oinarrian: nire potentzia eta abiadura baliatu nahi ditut taldearen alde egiteko.

Urtarrilean ailegatu zinen Donostiara. Zer aurkitu duzu hemen?

Jendea gertukoa da, jende ona, eta denek laguntzen naute: taldekideek, prestatzaileek, fisioterapeutek... Klub honetan asko ari zaizkit laguntzen, eta hori ona da zelairako ere. 

Union Berlin taldean aritu zinen aurrez. Realarekin alderatuta oso ezberdina al da?

Bai, jakina. Han ere talde ona genuen, berotasuna sentitzen nuen, eta familia baten modukoa zen. Halere, jokoa ezberdina zen. Defentsako kontrolean gehiago engaiatzen ginen, eta hemen gehiago aritzen gara baloiaren bila. Han aurrez aurreko gehiago egiten genituen, eta hemen kideekin jokatzen dugu gehiago. Gainera, hemen jokalari askoz gehiago dira selekzioen lehian aritzen direnak, eta, alde horretatik, maila ere hobea da. Hori da egia; uste dut kalitate hobea dagoela hemen.

Zer moduz taldearen egunerokoan?

Oso ondo. Adibidez, entrenamenduetan-eta beti ari zaizkit laguntzen. Esaldi batzuk besterik ez dakit gazteleraz, ahal txikia dut horretan. Haiek azaltzen didate zer egin behar dugun, nolako ariketak diren. Une oro ari dira laguntzan, eta oso atseginak dira.

Eta zer moduz Imanol Alguacil teknikariarekin? Harekin ere antzera?

Bai, egun onak ematen dizkit, eta galdetzen dit ondo nagoen edo nekerik dudan [barrez]. Ulertzen dugun horretan aritzen gara, eta hori ere garrantzitsua da. Entrenamenduetako helburuak-eta ere azaltzen dizkidate denen artean, eta, oro har, moldatzen gara. Hogei segundotan bada ere, garrantzitsua da elkar ulertzea.

Realarekin estreinaldi ona egin zenuen urtarrilean, Espainiako Kopan gola sartuta, baina otsail hasieran min hartu zenuen Gironaren aurka. Zure iritsiera balaztatu al zuen horrek?

Bai, etsigarria izan zen. Jokatutako lehen partidan gola sartzea ikaragarrizko bultzada izan zen, baina Gironan min hartu nuen handik gutxira. Dena den, saiatu nintzen nire onena ematen eta entrenamenduetan hobetzen eta ikasten. Ordutik, jokatu dudanetan husten saiatu naiz, jokatu hogei minutu, zati bat, edo gehiago. Azken partidetan hasieratik jokatzeko aukera eduki dut, eta bide onean nagoela erakusten dit horrek.

«Union Berlinen defentsako kontrolean gehiago engaiatzen ginen. Hemen baloiaren bila gehiago aritzen gara, kalitate gehiago dago»

Sei norgehiagoka geratzen dira sasoia amaitzeko. Zer helburu duzu bukaerara artean?

Klubarentzat eta taldearentzat eraginkorra izatea. Jakina, Europarako sailkatu nahi dugu berriz ere, baina badakigu horretarako dena ondo egin beharko dugula. Sei partida geratzen zaizkigu, eta talde onak, indartsuak izango ditugu aurrean haietako askotan. Gure onena egin beharko dugu helburua lortzeko.

Zerorrek esan duzu, aurkari indartsuak izango dituzue: Real Madril, Bartzelona, Atletico Madril... Halako partidak jokatzeko irrikaz al zaude?

Bai, noski. Futbolari batentzat ametsa da halako norgehiagokak jokatzea. Sasoi honetan ere jokatu dut Real Madrilen aurka, Union Berlinekin, Txapeldunen Ligan. Baita Napoli eta halako taldeen aurka ere. Edonork jokatu nahi izaten du halako taldeen aurka. Niretzat oso berezia da, baina badut esperientzia halakoetan; futbolean garrantzitsua da hori.

Realarekin ere jokatu duzu Txapeldunen Ligan, Paris Saint Germainen aurka. Garrantzitsua al da zuretzat txuri-urdinekin berriz Europarako sailkatzea?

Bai, hori ez da sekretua. Klubaren jirako guztiak ari gara Europarako sailkatzen helburuaren bila, eta taldekideok horretarako ari gara entrenatzen. Taldearentzat eta niretzat ere ona da halako emaitzak eskuratzea.

Zuri dagokizunez, zer espero duzu azken partidetarako?

Taldearen gauza bera. Aurrez esandakoa: gol batzuk sartu nahi ditut, eta paseak eman, hiru puntuak eskuratzeko. Hori ikaragarria izango litzateke niretzat, baina era batera edo bestera laguntzea bera ona izango da, jakina.

2026. urtera arte duzu kontratua Realarekin. Urte askoz irudikatzen al duzu zeure burua Donostian?

Bai. Ongietorri ederra egin zidaten, niri eta familiari. Haurrak ere gustura daude.

Hiriko zer inguru gustatzen zaizu gehien?

Kontxa.

Eta zer da jai duzunean gusturen egiten duzuna?

Eguraldi ona denetan, hondartza ingurura joatea gustatzen zait.

Jatekoari dagokionez, zer duzu gustukoen?

Hemen? Haragia.

Zenbat hizkuntza hitz egiten dituzu?

Lau: nederlandera, alemana, Surinamgo gure hizkuntza propioa eta ingelesa. 

Zerbait ulertzen al duzu euskaraz?

Agurrak eta esamoldeak erakutsi dizkidate: eskerrik asko, agur eta halakoak. Ederki, asko mintzatzen dira eta.

Saiatuko al zara hizkuntza ikasten?

Zaila ematen du, baina zergatik ez. Oraingoz, gazteleraz ulertzen saiatzen ari naiz, eta aurrerako urratsak egin nahi nituzke euskararekin. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.