Ezaguna da Dourthe Frantziako Maila Nagusiko Ligan, besteak beste internazionala izan zelako. Baionak fitxaturiko 15 jokalarietako bat da, eta gibeleko lerroa indartzeko ekarri dute. Landetarra baikor agertu da Tolosaren aurkako partidarako.
Zerk erakarri zaitu Baionara?
Baionak egitasmo erakargarria duela ohartu nintzen eta zaleak babes handia ematen diola taldeari. Bestalde, gogoa dut nire errugbilari ibilbidean jarraitzeko eta hobetzeko, eta, halaber, Baionari hobetzen laguntzeko.
Izango da alderen bat Akizen, Castresen edo Baionan bizitzean.
Baiona eta Akize antzekoak dira, baina Castres Frantziako barnealdeko herri bat da. Ez du ez hondartzarik, ez mendirik, ezta deus ere; guk, aldiz, dena dugu hemen. Gusturago bizitzeko aukera ematen du horrek, eta entrenatzen ere gustura ari bazara, are eta hobeto.
Castres talderik indartsuenetakoa da; nola igaro duzu han?
Talde guztiak desberdinak dira eta han ere eskarmentua hartu dut. Hogeita hamar urte ditut, eta han ikasi dudan bezala, Baionan ere ikasi egingo dut.
Iaz hamasei talde aritu zineten Ligan, eta aurten hamalau zarete; zer eragin izango du horrek?
Askoz gogorragoa izango da. Ez da alde nabarmenik izango taldeen artean, eta etxetik kanpo irabaztea zaila izango bada, ezta gutxiago izango etxekoak irabaztea.
McLaren, Aussel, Roques eta zu izango zarete hiru laurdenetako erdian jokatzeko; ez dirudi zaila izango duzunik jokatzea.
Bai, zaila izango da. Beste jokalari batzuk ere badaude postu horretan joka dezaketenak, hala behar izanez gero. Nolanahi ere, denok saiatuko gara besteak baino hobeto jokatzen norberak bere postuari eusteko, eta horixe egingo dut nik ere. Ez badut egoki erantzuten, beti ukanen dut kolokan postua.
Lagunarteko lau partida jokatu dituzue; nola ikusi duzu gibeleko lerroa?
Zaila izan da, jokalari berri asko baitago. Beraz, nahiko lan izango dugu uztardura egokia lortzeko, eta hori egunez egun egin beharko dugu. Bestalde, saiatzen ari gara erabili nahi dugun jokoa ahalik eta azkarren gorpuzten. Tolosaren aurka espero dut joko erraz eta eraginkorra izatea, eta handik aitzin hobetuko dugu.
Zer diozu Baionak aurten ukan dezakeen aukeraz?
Lehenbailehen partidak irabazten hastea. Galduz gero, badakigu presioa ukanen dugula eta horrek ez duela laguntzen. Baionak talde handia izan behar du bizpahiru urtera, eta pazientzia behar da.
Lehen partida Tolosaren aurka jokatzea handia izango da?
Iaz Staderen aurka galdu egin zuen Baionak, baina jokalari asko aldatu du, eta lehen partida ere aldatu egingo da; hau da, Baionak irabazi egingo du. Gero Bourgoin, Brive eta Paue helduko dira; gutxienez bi irabazi behar ditugu.
ERRUGBIA. RICHARD DOURTHE
«Taldeari laguntzera eta nire jokoa hobetzera heldu naiz»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu