Joan den urteko maiatzaren 31n zigortu egin zuten Alejandro Valverde, eta, domino jokoarekin, zigortu Caisse d'Epargne ere. Itzuli handietarako taldeburu argirik gabe geratu zen taldea, egungo Movistar. Baina bere horretan jarraitu zuen Eusebio Unzue zuzendari nafarraren filosofiak: borroka, borroka eta borroka. Itzuli handia da Euskal Herrikoa, eta ia talde guztien zerrendan aurki daiteke sona handiko izenen bat. Samuel Sanchez dauka Euskaltel-Euskadik; Andreas Kloeden eta Chris Horner RadioSchackek; Joaquim Rodriguez Katuxak; Ivan Basso Liquigasek...
Movistarrek, ordea, ez dauka taldeburu argirik. Sasoian dagoenean, David Arroyo izan daiteke bat, iazko Giroko bigarren postuarekin erakutsi zuen moduan. Baina ez da itzuli honetako podiumerako igotzeko moduko txirrindularia. David Lopez, Beñat Intxausti, Xavi Tondo, Vasil Kiryienka... Oso txirrindulari onekin baina taldeburu argirik gabe ekin zion Movistarrek itzuliari. Eta, isil-isilik, taldea hasi da ezaugarri horri etekina ateratzen. Atzo, Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapan, Azpirotzen gora, faboritoak elkarri begira zeuden bitartean, Movistar taldeko lau oilarrak erasoka hasi, eta Kiryienkak lortu zuen, azkenean, balentria.
Goraka egin ezin izan zuena beheraka egin zuen Iruñean bizi den bielorrusiarrak, Azpirotzen gora eta behera erasoa jo ondoren, bakar-bakarrik iritsi baitzen Lekunberriko helmugara. Aurretik, ordea, jo zuen erasoa Tondok, jo zuen Intxaustik, saiatu zen Lopez... Taldeburua taldea denean, gozoagoak izaten dira garaipenak. Eta atzo ederki nabaritu zen hori, gozoa izan baitzen behin helmugako marra igarota Movistarreko laukoteak elkarri emandako besarkada. Sailkapen nagusian aurre-aurrean daude, gainera, laurak. Zallako erlojupekoan txukun ibiliko da Intxausti, iaz Orioko erlojupekoan igo baitzen podiumera. Baina bihar, Arraten gora, taldea izango da, berriz ere, taldeburua. Talde askok taldeburu bakarra daukate; Movistarrek, lau. Haien esku dago itzulia lehertzea.
Eta lasterketa irabazteko faborito argien artean, zer? Bada, ez zen gauza askorik gertatu Azpirotzen gora, baina biharko etaparako pare bat mugimendu ikusi zen: Horner oso erraz dabil, baina Kloeden larri antzean zihoala ikusita, geratzea erabaki zuen; Frank Schleck (Leopard-Trek) indarberritu egin da, eta arriskutsua izango da Arraten; Rodriguez eta Sanchez, berriz, fin daude, eta azken erlojupekoari begira egon gabe, jo beharra daukate.
Garmin-Cervelo, ero-ero
Etapa hasierako sua ikusita, zalaparta espero zen Azpirotzen gora. Baina txinparta hutsean geratu zen kontua. Izan ere, itzulian ohi den moduan, atzo ere epaileak bandera astintzerako iritsi ziren lehen eraso kolpeak, Zumarragan bertan. Caja Rural, Sky, Lampre, Vacansoleil... talde asko saiatu ziren etapa hastearekin batera aurrera joaten. Baina Larraizko gaina igaro arte ez zen gorpuztu ihesaldia. Dario Cataldok (Quick Step) eta Rafael Vallsek (Geox) jo zuten erasoa Txindokiren magalean, eta atzetik iritsi ziren Maksim Iglinski (Astana) eta Amael Moinard (BMC). Elkar ondo hartuta, erraz lortu zuten 5.45 minutuko aldea, baina, lehen etapan gertatu bezala, amaiera bihurria zeukan atzoko etapak ere, eta faboritoen taldeak ez zeuden begira egoteko.
Azpirozko lehen igoerak ez zuen minik egin, baina tropelak Zuarrarrate, Uitzi eta Leaburuko igoerak baliatu zituen aurreko laurak euren babesera eramateko. Helmugara iristeko 32 kilometro falta zirenean harrapatu zituen tropelak aurrekoak, eta Carlos Barredok (Rabobank), Amets Txurrukak (Euskaltel-Euskadi), Cataldok eta Iglinskik ihes egiten saiatu ziren, baina Garmin-Cerveloren makineriak bakoitza bere lekuan jarri zuen.
Polita ari da izaten tropelean ardura hartzeko dagoen borroka, eta hasieran Katuxa eta Lampre agertu ziren, baina Azpirotzera bidean Garmin-Cervelok hartu zuen ardura, gehiegizkoa agian. Ryder Hesjedal buruan zuela, gainerako faboritoak Azpirotzen magalera arnasestuka iristea zen Bingen Fernandez zuzendari duen taldearen helburua. Eta lortu zuela esan daiteke, tropela ondo luzatuta iritsi zelako Azpirotzen magalera. Baina taldeburua ez zen agertu gero. Movistar izeneko taldeburuaren eguna zen atzokoa.
Euskal Herriko Itzulia. Bigarren etaparen kronika
Taldeburua taldea denekoa
Vasil Kiryienkak irabazi du itzuliko bigarren etapa, Azpirotzen behera erasoa jo eta bakarrik helmugaratuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu