Kanaria Handia. Bellas, Haynes (18), Martinez, Nelson (20) eta Rey (5) —hasierako bostekoa—; Green (6), Savane (4), Bramos (3), Juan Palacios (6), Beiran, Ekperigin (6) eta Santana.
Caja Laboral Baskonia. Heurtel (4), Oleson (11), San Emeterio (9), Teletovic (24) eta Milko Bjelica —hasierako bostekoa—; Prigioni (9), Ribas (11), Williams (6), Nemanja Bjelica (3),Seraphin eta Calbarro.
Markagailua. 15-15, 31-40 (atsedenaldian); 48-57 eta 68-77.
Epaileak. Perez, Bulto eta Martinez. Faltengatik kanporatuak: Kanaria Handiko Bellas (24. m.) Pedro Martinez egotzi zuten (33. m.).
Bakoitzak bereari begiratzen dio. Pedro Martinezek badaki zer daukan esku artean, ze jokalari, noraino irits daitekeen, eta eskura dituen baliabideak erabili zalea da bere alorra babesteko. Mikrofono bat, adibidez. Baskoniaren atarikoan epaileen jarduna baldintzatu nahi izan zuen, irizpide aldaketa bat eskatuz. Ligako lehen partidan, Malagan, bi teknika adierazi zizkioten epaileek Kanaria Handiari. Bat Spencer Nelsoni, eta bestea Martinezi berari.
Atzo, bere etxean, Malagako berotasunari buelta eman gabe, oldarkor agertu zen. Epaileei imintzioka etengabe, protesta egiten. Ostiko bat eman zion aulki bati, epaileek Tomas Bellasi teknika bat adierazi ostean, eta beste teknika bat jaso zuen entrenatzaileak. Lehen teknikarekin kaleratua izateko meritu nahiko egin zuen Martinezek, baina 33. minutua arte iraun zuen. Orduan kaleratu beste erremediorik ez zuen izan Perez Perez epaileak. Martinezek eta Kanaria Handiak badute porrota nori egotzi: epaileek baldintzatu zuten partida.
Zenbakien azterketak ez du halakorik erakusten. Baskoniak puntu bateko bederatzi jaurtiketa gehiago egin zituen. Sei tekniken ondorio zuzena izan ziren, eta ez zen jauzi handirik egon talde batetik bestera. Kanaria Handiak lortutako beste zenbakiek, ordea, argi erakusten dute epaileen lana epaitzeko joera norberaren ezinaren adierazlea dela. Las Palmasko taldeak %20 bakarrik asmatu zuen hirukoetan, hogei ahalegin, eta lau bakarrik asmatu. Guztira 16 baloi eman zituen, eta balorazioaren arloan Baskonia baino askoz okerrago aritu zen: 64 etxekoak, 87 Baskoniak.
Kanaria Handiak iaz baino talde kaskarragoa duelako. Marquez Haynes eta Spencer Nelsonek erantzun zuten atzo, baina hortik aurrera gutxi dauka. Savane eta Rey bikoteak ez du beldurrik ematen, Lituanian Greziarekin aritu zen Bramos ere eskas dabil, Taurean Green bezala, eta ekarri dituzten jokalariak, Ekperigin eta Palacios, justu-justu pasatzen dute ligan aritzeko langa. Malagan ikusi zen igandean, eta Baskoniaren aurka atzo.
Saskibaloian talentuak erabakitzen du, ez epaileak. Teletovic kapitainak eta Prigioni zakur zaharrak erakutsi zuten hori. Teletovic 25 punturaino joan zen, baina zentzuz jokatuz, saskipetik gertu, eta ez hiruko eroak eginez. 11 puntu sartu zituen jarraian hirugarren laurdenean, eta lau falta behartu. Kanaria Handiak ez zuen bosniarraren emana eteteko baliabiderik izan. Prigionik ere tenple handia eman zion jokoari Kanaria Handia dena nahasten saiatu zenean. Bederatzi puntu lortu zituen, sei puntu batekoak.
Oleson eta Ribas bikain
Teletovicek zortzi errebote jaso zituen, eta ahalegin horretan pilatutako nekeak hirukoetan taldekideei lekukoa ematen lagundu zion. Besteak beste, Brad Oleson piztuta ari delako liga hasiera honetan. Alaskakoak hiru saskiratu zituen atzo, erabakigarriak Kanaria Handia gehien estutzen ari zenean. Ribasek ere 11 puntu lortu zituen, eta hasieran, taldea bizkar gainean hartu zuen Kanaria Handiak 6-1 eta 15-8 ihes egin zuenean.
15na berdintzen lagundu zuen Reggie Williamsek, eta balantza desorekatzen hasi zen pixkanaka ondoren Baskonia. 31-40 iritsi zen atsedenaldira, eta beti zazpi puntuz edo gehiagoz ibili zen nagusi. Ia denek lagundu zuten garaipenean, Milko Bjelicak eta Seraphinek izan ezik —kolpea zeukan oin zolan—. Nemanja Bjelicak ere balorazio negatiboarekin bukatu zuen, baina bost errebote pilatu zituen denera. Oharkabean pasatu ezin den beste datu on bat. 68 puntu hartu zituen Baskoniak. Igandean, Cajasolen aurka, 60 izan ziren. Zenbaki horietan mugitzen bada, gertu izango du arrakasta Gasteizko taldeak.
Kanaria Handia 68. C. L. Baskonia 77
Talentuak erabakitzen du
Falta teknikoekin estali nahi izan du Kanaria Handiak bere ezina, baina aise irabazi du Baskoniak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu