Robert Forster ez da txirrindulari ezagun-ezaguna. Esprinta du bizibide, baina proba garrantzitsuenetan oso kostata lortzen du arrakasta. Kontua, ordea, arrakasta lortu, lortzen duela da. Batzuetan, tropeleko esprinter onenek kale egiten dutelako izango da. Besteetan, esprinta nahasia izan delako, baina meriturik ezin zaio kendu alemaniarrari. Garaipena lortzea zaila da oso, lehiakortasuna muturrekoa delako. Giroko volatta-k oso estimatuak dira bertakoentzat (esprintak). Forsterrek atzo Frascatin lortu zuen garaipena ez dago edonoren esku. Itxita geratu zen azken bihurgunea pasata, helmugarako 200 bat metro falta zirela, baina Hushovden gurpila hartu, McEwenen aurrean beldurtu ez, eta azken 50 metroetako bukaera ikusgarriari esker, etapa irabazi zuen.
Forsterrek hainbat garaipen lortu zituen profesionaletan egin zituen lehen bost urteetan, baina denak maila apaleko probetan. Iaz jauzi handi samarra egin zuen. Milango etapa, Giroko azkena irabazi zuen, baita Espainiako Vueltako 15. saioa ere. Giroko azken etapa da bere garaipen sonatuena, baina atzokoak ere sona emango dio. Atzo alboan zituen tropeleko txirrindulari azkarrenetako batzuk: Petacchi, McEwen, Napolitano Hushovd... tantaka-tantaka, edalontzia betetzen ari da.
Esprinta arraroa izan zen. Nahasia. Normala. Garbia izan balitz, Forsterrek ez zituen besoak garaile jasoko. Helmuga zuzengune zabal eta laua baldin bada, Forsterrek zer eginik ez du. Ez du Petacchi eta McEwenen abiadurarik, ezta gutxiago ere. Atzo, ordea, Milrameko trena bidetik irten zen. Etapa bukaera jaitsieran zen, eta ez zuten nagusiari esprinta prestatzeko biderik aurkitu. Petacchik, halere, buruan ekin zion esprintari, baina aurrena Hushovdek hartu zion aurrea, eta 50 metroren faltan, Forster etapa garaileak. Petacchik bezala, McEwenek ere kale egin zuen. Hiru esprint jokatu dira Giroan, eta hiru garaile izan dira. Ona da hori ikuskizunarentzat. Garbi dagoena, honakoa: Petacchik ez duela dagoeneko urte batzuk lehenago zeukan nagusitasun iraingarria.
TERMINILLO GAIZTOA GAURKO ETAPAN. Giroko seigarren etapak Tivoli eta Spoleto lotuko ditu. 177 kilometroko etapa da, eta ibilbidea gaiztoa da benetan. Ez da Giroko etapa gogorrena, baina gogorretakoa izan daiteke, tropela indarrez lepo egoten baita lehen astean. Monte Terminillo mendate ezaguna igoko da etapa erdian, 94. kilometroan. Helmugatik urrun dago, 80 kilometrora, baina borroka baldin badago, tropela zeharo hauts daiteke. Terminillok 1.894 metro ditu, 21 kilometroko aldapa eta %6,6ko batez besteko desnibela. 13 kilometro oso ditu %8ko desnibelarekin, eta horrek min handia egin dezake lehen astea dela aintzat hartuta.
131. kilometroan Forca Capistrello hirugarren mailakoa igoko da, eta helmugatik 17 kilometrora, Forca di Cerro, bigarren mailakoa. Azken mendate hori bihurria da oso. Batez bestekoa ez da oso deigarria, %4,9, baina %17ko malda tente bat du mendate erdian. Jaitsiera bukatuta, zortzi kilometro geratzen dira Spoletoko helmuga harrapatzeko.
Etapa ehiztarientzat aproposa da seigarren etapa, baina ez edozein ehiztarirentzat. Etapa exijentea da, Terminillo azkar igotzeko sasoian egon behar da, eta litekeena da txirrindulari ezagunek bilatzea ihesaldia. Patxi Vila edo Iban Mayo izan daitezke horietako bi.
SaILKaPenaK
BOSGARREN ETAPA
1. Robert Forster (Gerolsteiner) 4.17.02
2. Thor Hushovd (Credit Agricole) d. b.
3. Alessandro Petacchi (Milram) d. b.
4. Danilo Napolitano (Lampre) d. b.
5. Robbie McEwen (Predictor) d. b.
6. Alexandre Usov (Ag2r) d. b.
7. Maximiliano Richeze (Panaria) d. b.
8. Alexandre Pichot (Bouygues) d. b.
9. Juan Jose Haedo (CSC) d. b.
13. K. F. de Larrea (Eusk.-Eusk.) d. b.
SAILKAPEN NAGUSIA
1. Danilo Di Luca (Liquigas) 18.43.12
2. Franco Pellizotti (Liquigas) 26ra
3. Andrea Noe (Liquigas) 35era
4. Vincenzo Nibali (Liquigas) d. b.
5. Andy Schleck (CSC) 53ra
6. Damiano Cunego (Lampre) 54ra
7. David Zabriskie (CSC) 1.03ra
8. Paolo Savoldelli (Astana) 1.07ra
9. Eddy Mazzoleni (Astana) d. b.
12. Patxi Vila (Lampre) 1.17ra
Tantaka-tantaka, bete
Robert Forster alemaniarrak irabazi du bosgarren etapa, esprint nahasian; Petacchik kale egin du, berriro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu