Eskubaloia

Tati Garmendia: "Ez da titulu kontua, proiektu kontua baizik"

Aitor Etxaburu entrenatzaile kargutik kentzeko erabakia "gogorra, zaila eta asko pentsatutakoa" izan dela argitu du Bera Berako kirol zuzendariak. Montse Puche madrildarra fitxatu nahian dabil kluba, eta bitartean Tati Garmendia bera ariko da entrenatzaile lanetan.

Tati Garmendiak zuzenduko du Bera Bera, behin-behinean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
unai zubeldia
2015eko martxoaren 4a
14:34
Entzun

"Jokalariak ez daude egoerarik onenean aurrera egiteko". Tati Garmendiak hitz horiekin argitu du taldea ligan lehen postuan egonagatik Aitor Etxaburu zergatik kendu duten entrenatzaile kargutik. "Ez da titulu kontua, proiektu kontua baizik". Onartu du kirol irizpideak huts-hutsean hartuta, "erabaki arraroa" dela. "Baina argi geneukan etorkizunean gu ez geundela bere buruan, eta ezta bera gurean ere". Bera Berak atzo jakinarazi zuen albistea, ohar bidez, eta gaur eguerdian Tati Garmendia kirol arduradunak hitz egin du kazetarien aurrean. "Zaila, gogorra eta asko pentsatutakoa" izan da erabakia. Behin-behinean, Tati Garmendiak berak hartuko du taldearen ardura. "Baina Montse Pucherekin hizketan ari gara, lehenbailehen entrenatzaile kargua har dezan". 44 urte dauzka madrildarrak, eta 2007an Bera Berako jokalaria izan zen.

"Arduratuta gaude proiektuarekin, eta, zaila izan arren, entrenatzailea aldatzeko momentua dela uste dugu". Tati Garmendiak azaldu du abenduan jada bildu zirela Etxabururekin. "Lanari erabat inplikatuta ekin bazion ere, behera eginda zegoela ikusten genuelako". Azken hilabeteotan entrenatzaileak harrobiko jokalariei "aukera gutxi" eman diela gaineratu du Garmendiak. "Eta taldea ez dugu ikusten beharrezkoa den poz horrekin. Defentsan oso lan ona egiten ari dira jokalariak, baina erasoan ez gara ari ondo jokatzen". Ligan sailkapen buruan egonagatik, jokalariek eurek ere entrenamenduetan "exijentzia handiagoa" nahi dutela gaineratu du kirol arduradunak. "Etxaburuk ez zuen espero kargutik kenduko genuenik, eta harrituta geratu da". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.