Igor Makazaga San Juanen entrenatzailea Erreka traineruaren entrenamenduak aztertzen hasi zen joan den otsailean. GPSa erabili zuen horretarako. Teknologia, sentsazioak beharrean. Eta harrituta geratu zen. Ezin zuen sinetsi. Espero baino azkarrago zebilen ontzia. Uste zuen baino watt gehiago sortzen zituzten arraunlariek pala kolpeekin. Makazagak pentsatu zuen GPSa ez zebilela ondo, zerbait huts egiten ari zela, ezinezkoa zela. Baina teknologia zuzen zebilen. Datuak benetakoak ziren. Onak. Oso onak moralaren zakua puzteko. Egiten ari ziren horretan are gehiago sinesteko; trainerua igo berria izan arren. Historikoa, baina berria. Galizian atzo, Moañako eremu nahasian, primeran dabiltzala erakutsi zuten, teknologia zuzen zebilela frogatu berriro, eta San Miguel ligako bandera bat aurrenekoz irabazi.
Erlojuaren kontra izan zen. Estropada lerrokatuta jokatzekoa zen, baina Vigoko itsasadarra nahasia da oso, zirkulazioa handia, eta txalupa motordun bat ez denean, ontzi handi bat izaten da zailtasunak sortzen dituena. Ontzi handi batek, hain zuzen, aurrean eraman zituen kanpoko balizak, eta, hortaz, kalteak txikitze aldera, bat lotu ahal izan zuten berriro, eta estropada jokatu.
Hasteko, horri aurre egin behar izan zioten traineruek. Gero, berriz, haizeari. Lanak eduki zituzten kanporantz zein barrurantz egin beharreko luzeetan. Haizeak, gainera, boladaka putz egin zuen; abisatu gabe, alegia. Eta San Juan moldatu zen ondoena. Joan den astean bigarren izan zen, Pedreñan zein Portugaleten -denbora harrigarria eginez-, eta kasualitatea ez zela frogatu zuten atzo, bosgarren estropada puntuagarrian. Buruan ibili ziren une oro. Tiranek aurreneko txandan egindako denborak ziren hobetu beharrekoak, eta ziaboga bakoitzean, aurretik.
Makazagak koadrila fidagarria osatu du aurtengo denboraldirako. Bost arraunlari fitxatu ditu -Karlos Mendizabal eta Urko Kortajarena beteranoak tartean-, eta iaz trainerua berriro San Miguel ligara eraman zuten arraunlariei konfiantza eman die. Hor daude emaitzak. Ondoko arraunlariak jardun ziren atzo: Karlos Mendizabal, Kepa Arrizabalaga, Urko Kortajarena, Julen Durandegi, Alain Osanbela eta Makazaga bera estriborretik; Aritz Alfonso, Beñat Eizagirre, Garikoitz Tolosa, Aitor Artetxe, Mikel Etxeberria eta Beñat Korta ababorretik. Endika Alberdi izan zen aurrekoa, eta Endika Perez, berriz, patroia.
Garaipena lortuta, sailkapen nagusian Orio harrapatu du lehen postuan. Liderra itxuran aritu zen Moañan, eta laugarren sailkatu. San Pedrok ere lan ona egin zuen: bosgarren. Castrok, Zarautzek eta Zumaiak, aldiz, burua altxatu gabe jarraitzen dute. Garaileak, berriz, behera egin ondoren gero berriro gora egin daitekeela erakutsi du. San Juan izan zen TKE Traineru Kluben Elkartea ligaren sortzaileetako bat, 2003an, eta lau sasoi egin zituen. 2006an jaitsi zen. Aurten bueltatu da goi mailara, eta aurrenekoz garaipena lortu du. 2003an ere irabazi zuen estropada bat, Castroko uretan, baina ez zen TKE ligarako puntuagarria. Seigarren estropada puntuagarria jokatuko da gaur, berriro Moañako uretan (12:00, ETB1).
Teknologia zuzen zebilen
San Juanek aurrenekoz irabazi du San Miguel ligako bandera bat, Moañan, eta bikain dabilela erakutsi berriro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu