Janariarekin, inguruarekin, jendearekin... gauza horiekin ez nuen arazorik izan, baina klimarekin... Harrituta geratu nintzen entrenatzera joan eta teilatuak zuri-zuri zeudela ikusitakoan». Erdi lotsatuta ari da hizketan Sergio Luis Henao (Rionegro, Kolonbia, 1987). Sakelakoa une oro esku artean duela, behetik gora begiratzen dio kazetariari. «Negua oso gogorra da hemen». Buruarekin baietz esaten ari da ondotik Xabi Zandio (Iruñea, 1977). Kafesne epelarekin barrua goxatzen ari da hirugarrena: Rigoberto Uran (Urrao, Kolonbia, 1987). Bizpahiru orduko entrenamendua amaitu berritan elkartu dira kazetariarekin, Garesen sarreran dagoen hotel batean. Ondoan daukate entrenamenduetako grupeta-ren zatirik handiena: Denis Mentxov, Nairo Quintana, Jose Luis Arrieta, Xabi Zandioren anaia...
Kolonbia, Sky, Euskal Herria eta Munduko Txapelketa. Lau helduleku izan ditu hizketaldiak. «Gu ez gara bizi Iruñean». Uso-pasa nola, hala dabiltza Uran eta Henao bizitzaren zurrunbiloan. «Etxea daukagu hemen [haiekin bizi da Quintana ere, Movistarreko txirrindularia], baina bizi, Kolonbian bizi gara gu. Hori bai, lasterketen garaian denbora asko pasatzen dugu Iruñean, eta ni Italia aldean ere dezente egoten naiz». Orain bost urte iritsi zen Rigo Iruñera. «Caisse d'Epargnera. Eta ordutik lagun talde ederra daukat hemen». Henao, berriz, iaz iritsi zen. «Eta asko eskertu nuen Iruñeko grupeta-ren babesa. Berotasun handia sentitu nuen».
Bi kolonbiar txiki, igotzaile, Euskal Herrian ostatu hartuta, tropeleko talderik indartsuenetako batean, diziplina eta teknologia berriak oinarri dituen talde batean. Nolatan? «Erraza da erantzuna», bota du berehala Uranek. «Oreka behar izaten dute talde guztiek, eta Skyk igotzaileak behar zituen. Edozein egoeratara egokitzen gara gu, eta horregatik fitxatu gintuzten». Horregatik, eta kalitate handiko txirrindulariak direlako. Bradley Wiggins, Chris Froome, Mark Cavendish... Nolakoak ote dira kanpotik begira munstroak diruditen txirrindulari horiek... «Wigginsekin, egia esan, bi egun igaro ditudala uste dut, Mallorcan, baina oso gertuko pertsona iruditu zitzaidan. Cavendish, berriz, hotzagoa da, agian. Giroan, denbora asko igaro nuen harekin, eta emozioen arabera mugitzen da». Uranek ez du azalpen handirik eman hiru handi horiei buruz, alderaketekin eta talde barruko kontuekin nekatu samar dauden seinale.
Britainia Handiko taldea da Sky. Ingelesa du hizkuntza nagusi. «Zer moduz moldatzen garen ingelesarekin? Primeran! Ez daukagu arazorik». Uranek esaldia bukatzerako barrez lehertzen hasi dira Henao eta Zandio. «Ari gara ikasten pixkanaka». Errealitatetik gertuxeago dagoen hausnarketa egin du segidan Uranek berak. «Baina lasterketetako bileretan, azkenean, ez dugu hitz egiten politikaz edo emakumeez. Lehiaketako kontuez aritzen gara hizketan». Hasieran zailagoa zela aitortu du kolonbiarrak. «Baina lasterketaren logikak berak erakusten du momentu bakoitzean zer egin behar dugun». Teknologia ororen gainetik jartzen dute, beraz, norberaren zentzua Uranek eta Henaok.
Gaztaro gogorra eduki zuen Uranek, paramilitarrek aita hil ziotelako berak 14 urte zituela. Horregatik egin dio ezezko keinua kazetariari gaztaroko kontuez galdetuta. Henaok eman dio erreleboa. «Nire aitari asko gustatzen zitzaion bizikletan ibiltzea, baina babesa falta zuten Kolonbian. Orain ere talentu handiko txirrindulariak daude han, baina laguntzarik ez dago». Zorte hori izan zuen berak. «Babes handia eman zidan aitak, eta eskertu beharrean nago». Uranek argitu du 2002tik 2005era Henao eta biak talde berean aritu zirela, Mexikon eta Kolonbian, gazte mailan. «Eta Giroan topo egin dugu berriz, talde berean. Aldaketa handia bizi izan dugu».
Kolonbia eta talentua aipatuta, profesionaletan bidea egin nahi duten txirrindulari gazteek etxeko berotasunetik atera beharra daukatela argitu dute biek. «Han, gazte batek, Kolonbiako Itzulia irabaz dezake gehienez, baina Europan dago kalitatea. Hemen daude estatubatuarrak, australiarrak eta gainerakoak». Bederatzi bat ordu daude Kolonbiatik Euskal Herrira. «Eta gogorra da», aitortu du Uranek. «Kosta egiten da. Baina horretarako ere prest egon behar da; familia urrun uzteko, hemen borrokan jarraitzeko... Oso zaila da hasieran, baina orain, jada, ez daukagu inolako arazorik».
Giroan, Tourrean, Vueltan edo Olinpiar Jokoetan lehiatzeak ez dauka preziorik. «Eta zer esanik ez urte berean Olinpiar Jokoetan eta Munduko Txapelketan aritzeak», gaineratu du Henaok. Datorren igandeko errepideko proba daukate biek begiz jota. «Egun ona baldin badaukagu, ibilbidea guretzat ez da txarra». Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina eskuratu zuen txirrindulariarena da hausnarketa, Uranena. «Hori bai, Munduko Txapelketakoa loteriaren gisakoa da. Egun horretan egon behar da ondo, erori gabe, hutsik egin gabe... Baina sasoi aldetik ondo gaude, eta moral aldetik ere bai». Henaok ere ezeri ez dio uko egin nahi. «Oso talde indartsua daukagu, eta ilusioz gainezka goaz, gauza politen bat egiteko itxaropenarekin».
Hori bai, faboritoei buruz hizketan hasitakoan, berehala atera dira beste izen batzuk. «Philippe Gilbert, Alejandro Valverde, Joaquim Rodriguez, Thomas Voeckler...». Zirikan hasi da ondotik Zandio. «Eta Rigoberto, eta Sergio, eta...». Henaorena da azken adierazpena. «Munduko txirrindularirik onenak egongo dira Munduko Txapelketan, baina saiatuko gara aurrean ibiltzen».
Boterorekin txundituta
«Idolorik gabe» hazi zen Uran. «Oso umetatik maitemindu nintzen kirol honekin, baina ez nion begiratzen txirrindulari jakin bati». Henaok bai, Henaok bazeukan baten bat begiz jota. «Lucho Herrera, Fabio Parra eta horiekin ez naiz askorik gogoratzen, baina Santiago Boterorekin bai. Asko gustatzen zitzaidan, erlojupekoetan oso indartsua zelako, batez ere». Eurak bihurtu dira orain Kolonbiako neska-mutikoen idolo berriak. «Zoragarria da hara joaten garenean eta arropak banatzen hasten garenean haien aurpegiak ikustea. Momentu horietan nabaritzen dugu gertutik zaintzen gaituztela. Oso polita da sentimendu hori». Uranen hitzetan, horregatik ere bada «hain ederra» txirrindularitza.
Atzera begiratuak eta idolo kontuak ahaztu, eta kazetariak amets egiten utzi dienean, orduantxe askatu dute barrua bi kolonbiarrek. Nola askatu ere! «Egunen batean Flandriako Tourra edo Paris-Roubaix klasikoa irabaztea gustatuko litzaidake», bota du Henaok. «Roubaix? Nork? Zuk? Ezinezkoa da hori, gizona!». «Amets egiteko esan dit, aizu! Desberdina den zerbait irabazi nahi dut». Zuzen erantzun dio Uranek Henaori. «Amets egitea ondo dago, baina amets errealak egitea ere bai...». Azkar iritsi zaio kontraerasoa. «Zuk zerekin egiten duzu, ba, amets?». «Nik? Frantziako Tourra irabaztearekin». Uranentzat erasoa. «Tourra? Nork? Zuk?». Barrez lehertzen ari dira biak, baita Zandio ere, aldamenetik.
Teknologiaren kontrapuntua
Espainiako Vuelta amaituta, Limburgeko Munduko Txapelketari begira daude Rigoberto Uran eta Sergio Luis Henao. Kolonbiako txirrindularitzaz, Euskal Herriaz eta Sky taldeaz ere aritu dira hizketan BERRIArekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu