Mirza Teletovic prest dago berriz ere lehiatzen hasteko, eta etzi itzuliko da kantxara Real Madrilen aurka, etxetik kanpo. Jokalari bosniarrak jokatzeko moduan dagoela adierazi zuen atzo, nahiz eta erabat osatuta egon ez: «Hiru gerrateri aurre egin badiet, ezin naiz etzi jokatu gabe geratu. Gogotsu nago». Teletovicek joan den larunbatean hartu zuen min Assignia Manresaren aurkako partidan, eta medikuek uste baino lehenago osatu dela iritzi diote. Eroriko baten erruz, sorbalda eta ukondoa mindu zituen.
Teletovicen itzulerarekin zama handia kenduko du gainetik Dusko Ivanovicek. Izan ere, denboraldi honetan taldean gehien baloratutako jokalaria hura da, eta hegal-pibotaren postuan aritzeko ez dauka aukera handirik entrenatzaileak. Taldearen helburua orain Pau Ribas ahal bezain laster osatzea da. Hiru aste daramatza kantxatik kanpo, eskuin eskumuturrean daukan bihurrituaren erruz.
Sito Alonso, zuhur
Lagun Aro Gipuzkoa Basketek historian estreinako aldiz Espainiako Kopara sailkatzeko aukera du, baina Sito Alonso entrenatzailea zuhur mintzatu zen atzo gai horren inguruan: «Edozer gauza gerta daiteke, baina talde asko gaude lehen zortzi postuen lehian, eta ez da erraza izango lortzea». Helburu nagusia mailari eustea dela gogorarazi zuen.
Gescrap Bizkaiak, berriz, Janis Blumsen hutsunea izango du Santiagon, ez baita osatu herenegun izan zuen lesiotik.
Teletovic prest dago etzi Real Madrilen aurka jokatzeko
Sorbalda eta ukondoko lesiotik erabat osatu ez arren, Caja Laboralek gogotik eskertuko du hegal-pibotaren itzulera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu