Herenegungo ekaitzaren ostean baretasuna izan zen nagusi atzo Australiako Irekian. Ez zen ezustekorik izan, eta faboritoak finalerdietarako sailkatu ziren. Gizonezkoetan, Roger Federer suitzarrak eta Marat Safin errusiarrak egin zuten aurrera, Andre Agassi estatubatuarra eta Dominik Hrbaty eslovakiarra kanporatuta. Biek ala biek hiru setetan irabazi zuten, ordu eta erdi eskasean. Federerrek 6-3, 6-4 eta 6-4 irabazi zuen, eta Safinek 6-2, 6-4 eta 6-2.
Federer goitik behera nagusitu zitzaion Agassiri. Bikain hasi zuen partida, eta ordu erdi eskasean irabazi zuen lehen seta. Estatubatuarra saiatu zen bigarren setean suitzarra estutasunean jartzen, baina alferrik, ezin izan zuen set bakarra eskuratu. Federerrek bikain sakatu zuen: 11 ace (puntu zuzen) lortu zituen partidan. ATPko lehen zerrendaburuak jarraian irabazten duen 26. partida da atzokoa (abuztuaren 15etik ez du galdu). Pete Sampras bakarrik du aurretik: 29 partida irabazi zituen jarraian. Edozer gerta daiteke, baina okerrik ezean, beretzat izango da Australiako Irekia, jarraian irabazten duen hirugarren grand-slam torneoa, eta laugarrena jokatu diren azken bostetatik.Federerrek Safin izango du aurkari finalerdietan. Errusiarrak berriro erakutsi zuen ezin hobeto moldatzen dela Australia aldean: 2002ko eta iazko finalak jokatu zituen. Atzo ez zuen arazorik izan Hrbaty bidean uzteko. Eslovakiarra ezinean aritu zen, Safini aurre egin ezinik.
Kitarako kutsuko finalerdia
Emakumezkoetan ere ez zen ustekaberik izan, eta Maria Sharapova errusiarra eta Serena Williams estatubatuarra finalerdietarako sailkatu ziren, Elena Kuznetsova errusiarrari eta Amelie Mauresmori irabazita. Sharapovak ederki sufritu zuen herrikideari irabazteko: 4-6, 6-2 eta 6-2, bi ordu eta 17 minututan. Williamsek, berriz, aise gainditu zuen frantziarra: 6-2 eta 6-2, ordu eta 11 minututan.
Sharapova eta Williams aurrez aurre izango dira finalerdietan. Kitarako kutsua du partidak. Iaz bi aldiz jokatu zuten elkarren aurka (Wimbledongo eta AEBetako Irekiko finaletan) eta bietan errusiarrak irabazi zuen.
TENISA. AUSTRALIAKO IREKIA. Faboritoak, aurrera
Federer, Safin, Sharapova eta Serena Williams sailkatu dira Australiako Irekiko finalerdietara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu