Lleyton Hewittek ezin hobeto ospatu zuen atzo Australiaren Eguna, finalerdietarako sailkatuta. Ez zen erraza izan. Ederki sufritu zuen David Nalbandian argentinarrari irabazteko. Bost set gogor (6-3, 6-2, 1-6, 3-6 eta 10-8) eta lau ordu luze behar izan zituen lehen aldiz Australiako Irekiko finalerdietan tokia izateko. Bi aldiz egon zen bidean geratzekotan, baina ez zuen amore eman. Hewitten grina biziak izan zuen saririk, australiarrak buelta eman baitzion partidari.
Hewittek Andy Roddick estatubatuarra izango du aurkari finalerdietan. Roddickek nahiko erraz irabazi zion Nikolay Davydenko errusiarrari. Davydenkok ez zuen partida bukatu, arnasa hartzeko arazoak baitzituen. Hirugarren setean eman zuen amore Australiako Irekiko ezustekoak (Tim Henman ingelesa eta Guillermo Cañas argentinarrak utzi ditu bidean). Ordurako, estatubatuarrak patrikan zuen hurrengo kanporaketarako txartela. Sakea izan zen, berriz, Roddicken arma nagusia: 17 puntu egin zituen zuzenean. 6-3, 7-5 eta 4-1 irabazi zuen azkenean bigarren zerrendaburuak.Emakumezkoetan, Alicia Molikek eskura izan zuen eguna biribiltzea. Australiarrak uste baino arazo gehiago eman zizkion Lindsay Davenport estatubatuarrari. Torneoko lehen zerrendaburuak bi ordu eta erdi behar izan zituen emakumezkoen mailako ezustekoa gainditzeko: 6-4, 4-6 eta 9-7. Biek ala biek erabat akituta amaitu zuten partida. «Ez dakit nola egon naizen zutik. Zorte izugarria izan dut, berak bere aukera izan du, baina ez du baliatu. Ez dakit nola suspertu naizen», aitortu zuen Davenportek. Ez zebilen oker estatubatuarra. Hirugarren setean 2-0 aurreratzeko aukera izan zuen Molikek, baina huts egin zuen. Davenporten sakea (14 puntu egin zituen zuzenean) erabakigarria izan zen. 27 urte daramatzate etxekoek emakumezkoetan txapela jantzi gabe (Chris O'Neill izan zen azkena). Beraz, itxaroten jarraituko beharko dute. Aukera ona galdu dute.
Nathalie Dechy, ezezagun bat finalerdietan
Davenportek Nathalie Dechy frantziarren aurka jokatuko du finalerdietan. Dechyk ere izerdia bota zuen Patty Schnyder suitzarrari irabazteko: 5-7, 6-1 eta 7-5, bi ordu eta erdian. Jokalari frantziarra da txapelketako ezusteko nagusia, Molikekin batera. Inor gutxik zuren haren berri. 25 urte ditu, eta torneo bakarra irabazi du: Goald Coast torneoa, iaz. Final-laurdenetan eman zuen lehen abisua, Anastasia Myskina errusiarra (iazko Roland Garroseko irabazlea) kanporatuta. Atzoko partidak kitarako kutsua zuen, Schnyderrek kanporatu baitzuen iaz Dechy Australian, final-zortzirenetan. Bihar zaila izango du Davenporten aurka ezustea ematea. Frantziarrak, halere, aspaldi bete zuen helburua.
TENISA. Roddickek aise, besteek larri
Hewitt, Roddick, Davenport eta Dechy sailkatu dira Australiako Irekiko finalerdietarako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu