Kamamila bat, mesedez. Lehen itzuliko bukaera luzea izango zela esaten zuten han eta hemen, eta hala izango da. Jardunaldi guztiak dira garrantzitsuak, baina komeni da gauzak bere onetik ez ateratzea. Joan den astean, hiru euskal taldeak zortzi onenen artean zeuden, baina, aste honetan, ez, eta badirudi mundua bukatuko dela. Ez. Lagun Aro bi puntu ziztrinengatik dago zortzi onenen taldetik kanpo, eta hori ez da ezer. Ez, oraingoz. Donostiarrek eskura dute Kopara pasatzea, eta gakoa da hurrengo bi asteetan etxean jokatuko dituzten bi partidak irabaztea: Alacant eta Baskonia. Hain erraza, eta hain zaila. Gasteizen ere urduri daude, taldeak sekulako gorabeherak dituelako, eta irabaztea ez delako nahikoa. Ondo jokatzea ere garrantzitsua da. Fotis Katsikaris denetan lasaiena. «Bostak irabaz ditzakegu», esan zuen tente. Bat irabazi du; garrantzitsuena, agian. Bartzelona dator orain Bilbora. Atzo Palaun ikusitakoa ikusita, tenplea ez, mirariren bat behar.
Oinak lurrean. Lagun Arori dagokionez. Unicajaren aurka jokatu zuelako, eta haiek behar gorria zutelako. Talde handia dira, eta han Baskoniak ere galdu du. Irabazita askoz ere alaiago egongo ginela? Ziur, baina han ihes egiten utzitakoa etxean irabazteko ordua da. Alacanti irabazi egin behar zaio, bai edo bai, eta, ahal bada, puntu alderik handiena atera. Lagun Arok ez du puntu balantze txarra, baina puztea komeni. Alacanten ondoren, Baskonia etorriko da bisitan, Donostian txisturik jasotzen ez duen talde bakarra. Handia litzatekeegun horretan jakitea Kopara pasatu direla, ezta? Dagoeneko inork ez baitu zalantzan jartzen Lagun Arok Baskoniari etxean irabaz diezaiokeela. Edo bai?
Garaipen ona. Bilbo Basketek Zaragozan lortu zuena. Oso kantxa zaila delako, Zaragoza han talde indartsu bilakatzen delako, eta 10.000 zaleren presioa ikaragarria delako. Epaileen lanarekin oso kritiko agertu dira Zaragozan, baina Bilbo Basketek ez zuen epaileei esker lortu garaipena, behingoagatik neurria eman zuten Javi Rodriguez eta Dimitrios Mavroeidisen partida onari esker. Lastima, haien lan onak Jackson, Banic edo Fischerrenarekin segidarik ez izatea. Dena ezin da lortu, baina bizkaitarrek bikote horren lan ona baino askoz gehiago beharko dute Bartzelona liderra gainditzeko. Asko dago jokoan. Garaipena ez bada, puntu gutxigatik galtzea komeni.
Bai, baina ez. Galdera asko utzi ditu Manresaren aurkako garaipenak. Taldeak joko biribila egin gabe segitzen duelako, eta antzera jarraituz gero sufritu egingo duelako. Zer da, ordea, joko biribila egitea? Intentsitateari eustea, erregularrak izatea, askoz apalagoak diren taldeei arnasarik ez ematea... Eztabaida handi samarra piztu du Stanko Baracek epaileei protesta asko egiteko duen jarrera. Ivanovicek berak ere esan dio, jokoan zentratu behar duela, epaileek errespeturik ez diotelako edukiko haiengana modu txarrean jotzen badu. Haislipen kontuak ez du hauts askorik harrotu. Taldetik kanpo dago, Gasteizera bueltatu arren, arauak hautsi dituelako, eta hori ez delako barkatzen Gasteizen. Izen batzuk agertzen hasi dira. CSKAko Sasha Kaun bota zuen irrati esatari batek. Handia litzateke, ezta?
Jardunaldi bikaina. Lagun Arok eta Bizkaia Bilbo Basketek egutegia alde izango dute hurrengo jardunaldietan. Kopan sartu nahi duten bederatzi taldeetako askok elkarren aurka jokatuko dutelako hurrengo lau jardunaldietan. 14. ikusgarria izango da alde horretatik, 7-6 balantzearekin dauden sei taldek elkarren aurka jokatuko duten eta hiruk bakarrik irabaziko dute. Horrek hiru talde 7-7 markarekin geratuko direla esan nahi du, eta hori ona da Donostiako eta Bilboko taldeentzat. Hauek dira norgehiagoka zuzenak: Valentzia-Cajasol, Valladolid-Kanaria Handia eta Joventut-Unicaja. Kalkuluak egiten hasi, eta Lagun Arok zortzi onenen artean buka dezake garaipenarekin, eta Bilbo Basketek ere bai, Bartzelonaren aurka galduta ere.
Zonakako defentsa
Tenplea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu