Titin eta Merino Berasaluze eta Beginoren aurka, gaur, Bilboko finalean

Bi atzelariak oso seguru aritu ziren finalerdietan, eta aurrelariek ikuskizuna eskaini zuten aurreko koadroetan

Erredakzioa
Bilbo
2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo. Bi aurrelari handi horien arteko lehia espero zuten gehienek gaurko Bilboko Aste Nagusia Torneoko finalerako (18:00). Baina biak itzaletik ibili ziren finalerdietan. Titin III.ak apaldu zuen Goizuetako aurrelaria asteazkenean —Xalaren lesioa tarteko ari da jokatzen errioxarra Bilbon—, azken hiru tantoetan amorrazio handiarekin jokatuta; 22-19 irabazi zuten Titin III.ak eta Merino II.ak, Olaizola II.a eta Beroizen aurka. Iberoko aurrelaria, berriz, Berasaluze VIII.aren joko erakustaldiarekin geratu zen ezinean herenegun. Begino atzean lagun zuela, 22-14 menderatu zuten Martinez de Irujok eta Laskurainek osatutako bikotea.

Bizkaitar bakarra zegoen finalerdietan, Berasaluze VIII.a, eta Bilboko Feriak finalean izango du nahi zuen aurrelaria. Titin III.ak eta Berasaluze VIII.ak eman zieten bizitasuna finalerdiei, baina bi atzelariek jokatu zuten ikusgarri: Merino II.ak eta Beginok. Errioxarra oso seguru ari da jokatzen uda partean, fisikoki bikain eta pilota astintzeko garaian dotore. Auzako atzelaria, berriz, gozatzen ari da eskuin esku indartsu horrekin. Une oro kontrolpean izan zuen Aritz Laskurain, eta Berasaluze VIII.ak asmatu egin zuen tantoak amaitzen. 2009ko bikote eder hura agertu da berriz ere 2011ko udan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.