Errioxako taldeak BERRIA Txapelketara itzuliko dira gaur, Hernaniko pilotalekuan (17:00). Lehen aldietan Ezkaraik parte hartu zuen, baina azken urteetan ez da egon Euskal Herritik kanpoko talderik. Aurten, baina, Logroñoko Titin III.a zentroaren seikoteak izena eman du, eta Amurriorekin neurtuko ditu indarrak lehen faseko kanporaketan. Irabazleak Doneztebeko Erreka izango du aurkari final-zortzirenetan.
Kanporaketa orekatua espero da Hernanin. Kadete mailan, Errioxako eta Arabako bikote onenek neurtuko dituzte indarrak, hurrenez hurren. Gazte mailan, Calvo Titin III.a taldeko aurrelaria nabarmendu daiteke, baina Amurrioko Goikoeleak eta Murgak bikote sendoa osatzen dute. Nagusi mailan, Cabrerizo profesional ohiak jokatuko du, baina atzelari postuan. Arabarrek ere bikote ona dute maila horretan.
Bizkai aldera joango da bihar BERRIA Txapelketa, Iurretako Olaburu taldeak Alegiako Intxurre hartuko baitu etxeko pilotalekuan (11:00). Kadete eta nagusi mailan ez dirudi faborito argirik dagoenik, baina gazte mailan Artolak jokatuko du Intxurreren aldetik, eta partida desoreka daiteke. Seniorrei dagokienez, Olaburuk Lezamako bi pilotarirekin indartu du bere seikotea. Kanporaketako irabazleak Andoaingo Adiskideren aurka jokatuko du otsailaren 12ko asteburuan.
Titin III.a taldea aurreneko aldiz ariko da gaur BERRIA Txapelketan
Errioxako seikoteak lehen faseko kanporaketa jokatuko du Amurrioren aurka, Hernaniko pilotalekuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu