Augusto Ibañez Titin III.a-k eta Abel Barriolak "gustura" bukatu dute gaur eguerdian Gasteizen, Ogeta frontoian, lau t'terdiko finaleko pilota hautaketan, eta "aitzakiarik ez" dutela aitortu dute. Barriolak baino pilota arinagoak hautatu ditu Titinek (103,4 eta 103 gramokoak; Cipri etxekoak). Bestearenak indartsuagoak dira, botera jokatzeko (105 eta 105,2 gramokoak, Punpakoak).
Joaquin Plaza izan du laguntzaile Titinek, eta Martin Alustiza Barriolak. Berrehunen bat lagun bildu dira Ogetan. Hantxe jokatuko dute finala igande arratsaldean; sarrera denak salduta daude.
Aitaren heriotza dela-eta (igandean zendu zen, bihotzekoa emanda), Titinek ez du aste guztian taxuz entrenatzerik izan, eta gaurko pilota aukeraketa baliatu du entrenamendu on bakarra egiteko. "Hala ere, burutik ez zait pasatu finala atzeratzea eskatzea. Etxekoekin, Plazarekin eta enpresarekin hitz egin dut horretaz. Lan asko egin dut hona iristeko, eta aitari gustatuko litzaioke nik finala jokatzea igande honetan. Hala egingo dut", esan du Titinek.
Barriolak "ondo" dagoela aitortu du, "bai esku aldetik, bai fisikoki", baina "ezinegona" agertu du, "Titin oso aurkari arriskutsua delako. Txapelketan goraka joan da, gainera". Aita hil izana Titinentzat onena ez dela dio Barriolak. "Dena den, dena eman beharko dut irabazteko".
Lau t'erdiko ligaxkan 22-18 irabazi zion Barriolak hari, baina finala "desberdina" dela azpimarratu du. "Unea bera, pilotak, frontoia... Dena izango da desberdina. Beraz, ez da kontuan hartu behar ligaxkako emaitza".
Argazkian, Barriola, Juan Mari Juaristi material hautatzailea eta Titin, gaur, Ogetan. (Argazki Press)
Pilota
Titinek Barriolak baino pilota arinagoak hautatu ditu lau t'erdiko finalerako
Bi pilotariak gustura azaldu dira material aukeraketan, Ogetan. Igande arratsaldean jokatuko dute txapela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu