Titinek ez dio muzin egin nahi lau t'erdiko txapelketari, eta igandean beste behin ekingo dio. Txapelketan partida gehien jokatu duen pilotaria da, eta Arretxe II.aren aurkakoa 60.a izango da —34 irabazi eta 24 galdu—. Logroñon jokatuko du (17:00, ETB1). Aspe, herenegun arte, jaialdia Eibarren antolatzearen aukera ikertzen egon da. Asteburuko beste hiru partidak Balmasedan, Iruñean, eta Tolosan jokatuko dira; ostiralean, larunbatean eta astelehenean, hurrenez hurren.
Titinek iaz txapelketako lehen partida galdu egin zuen, Xalaren aurka, eta bazirudien ez zela berriz ere kaiolan sartuko. Aurtengo txapelketako sistemak, baina, ligaxkatik garaipen batera kokatu du hasieran, sistema zaharrarekin sailburu balitz bezala, eta parte hartzea erabaki du. Triciokoak, gainera, uda ona egin du, eta belaunek ez diote arazo handirik eman.
Markak hobetzen jarraituko du, beraz, baina ez dirudi urte askoan eutsiko dionik. Sailkapenean, bigarren Barriola da, 54 partidarekin, eta atzetik daude Eugi (48) eta Olaizola II.a (48). Irujok, bere aldetik, 33 jokatu ditu.Arretxe II.ak, igandeko aurkariak, bederatzi jokatu ditu bakarrik.
Ostiralean hasiko da bigarren fasea, Balmasedan (22:00), Bengoetxea VI.a eta Urrutikoetxearen arteko partidarekin. Larunbatean, jakina zenez, Olaizola I.ak eta Berasaluze VIII.ak Bilbon neurtuko dituzte indarrak (16:45). Azken partida Tolosakoa izango da, astelehenez (16:30), Saralegi eta Retegi Biren artean. Irabazleak final-laurdenetarako ligaxkara pasatuko dira.
2. Mailakoan, berriz, asteburu honetan jokatuko da ligaxkako lehen jardunaldia, Lehen Mailakoaren jaialdi berean. Elezkanok eta Rico IV.ak Balmasedan neurtuko dituzte indarrak; Lemunok—iazko txapeldunordeak— eta Untoriak, Bilbon; Jaunarenak eta Gorkak, Logroñon; eta Olazabal eta Apezetxeak, Tolosan.
Titinek Logroñon ekingo dio bideari
Lau t'erdiko txapelketako 60. partida jokatuko du igande honetan, Arretxe II.aren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu