Titinen olinpiar ohitura

2000, 2004 eta 2008an binakako finalean aritu zen aurrelari beteranoa, eta igandean eskura izango du berriz jokatzea

Titin, txandalaren jaka eranzten, Ogetan, pilota aukeratzeko atzoko saioan. RAUL BOGAJO / JUANAN RUIZ.
Imanol Magro Eizmendi.
2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Olinpiar urteak bereziak dira kirolean. Modalitate askotan egutegi guztia baldintzatzen dute. Pilotan ez da hala izaten, baina badago lau urtean behineko ohiturarik duenik. Titinen kasua da, 2000n, 2004an eta 2008an binakako finala jokatu zuelako. Sydney, Atenas, Beijing... eta Londresen? Partida bat gehiago irabaztearekin aski du. Hala ere, oraindik ez du buruan. Hala azaldu zuen, behintzat, atzo Gasteizen, Ogetan, hurrengo partidarako pilotak aukeratzeko saioan. «Ni, orain, Olaizola II.aren eta Beroizen aurkako igandeko finalak arduratzen nau. Irabazten badugu, gauza batean pentsatuko dugu. Galtzen badugu, berriz, beste aukera bat izango dugula».

2000. urtean txapeldun izan zen, Lasa III.arekin, eta 2004an ere bai, Goñi III.arekin. 2008an, berriz, txapeldunorde izan zen, Laskurainekin. Aurten, Merino II.ak lagundu beharko lioke ohiturari eusten, baina gazteak ere urrun ikusten du finala, are gehiago lehen aukera Olaizola II.a-Beroizen aurka dela kontuan hartuta. «Lehen puntuak konfiantza ematen dizu, baina badakigu ez dugula ezer egin. Oraindik bi partida gelditzen zaizkigu, eta lasai asko joan gaitezke kalera».

Aurkariek errespetua ematen dute, eta Titinek Asegarcekoen bolada goratu zuen. «Txapelketako hamabost partida jarraian irabaztea harrigarria da, oso zaila. Baina guk ezin dugu beldurrez jokatu; gure jokoa egin beharko dugu». Pilotak ez dira aitzakia izango, behintzat. Aspeko bikoteak ez zuen iritzirik eman, baina ez zirudien gustura gelditu ez zirenik. Olaizola II.ak eta Beroizek ere ez zuten kexurik izan, aurkarien pilota bat nahiko arina iruditu arren. Goizuetako aurrelariak azaldu zuenez, bi bikoteek pilota mota oso ezberdinak aukeratu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.