Larunbatak iragarritakoa baino emozio gutxiago izan zuen herenegungo lasterketak Korean. Lehen itzulitik azkarrena nor zen erakutsi zuen Sebastian Vettelek (Red Bull). Segurtasunerako tarte bat atera, eta erraz eutsi zion, aurkariak gehiegi gertura ez zitezen. Nahi izan zuenean estutu zuen: azken itzulian lortu zuen denborarik onena, aurrekoa ia segundo batean hobetuta. Hor utzi zuen bere abisua, bere marka.
McLarenek ospatu egin zuen sasoiko lehen pole-a lortu izana, baina igandetan irabazten dira probak. Ostirala izan ohi da autoa lasterketarako prestatzeko eguna, eta euriak lan hori aldrebestu egin zuen erabat. Etekin hobea atera zion Red Bullek, eta estrategia aldetik ere bikain aritu zen. McLarenek, ordea, hartu duen goranzko bideari eutsi egingo dio. Falta diren hiru lasterketetan gorabeherak izango dira, baina Red Bullentzat aurkari gogorra izango da McLaren.
Aldeak ez dira lehen bezain handiak, bigarrenetik bosgarrenera hiru segundo soilik izan zirelako. Indian da hurrena. Zirkuitu berria izanik, lehiak beste osagai aberasgarri bat izango du.
Tituluak ez du ase Vettelen gosea, eta Korean ere nagusi izan da
Red Bullek taldegileen txapelketa irabazi du, eta hemendik aurrera bigarren postuak baino ez daude jokoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu