Aldea egiten ari da Fernando Alonso (Ferrari) Munduko 1 Formula txapelketan. Herenegun Hockenheimen Alemaniako Sari Nagusia irabazi ondoren, jadanik 34 puntura du bigarren sailkatua, Mark Webber australiarra (Red Bull). Hori garaipen baten aldea baino gehiago da; beraz, udako oporrak lehen postuan dela hartuko ditu Ferrariko gidariak. Alonsok berak azaldu zuen asteburuan bere bi aurkari nagusiak Lewis Hamilton (McLaren) eta Sebastian Vettel (Red Bull) direla. Gidari osoenak dira ingelesa eta alemaniarra, baina igandeko lasterketan etekin gutxi atera zuten. Atzean gelditzen ari dira, ez auto mantsoa dutelako, baizik eta puntu asko galdu dituztelako bestelako arrazoiengatik. Zortea lagun izan behar dela diote batzuek, baina 1 Formulan badira hori baino gauza garrantzitsuagoak.
Kimi Raikkonenek (Lotus Renault) ezin hobeto argitu zuen igandean, berriro podiumean amaitu ostean. Ez omen da zortea falta dutena: «Zorteak ez du zerikusirik. Ez da zorte txarra zerbait haustea, baizik eta zerbait gaizki egin izana». Lotusek oraindik ez irabazi izana zuen hizketagai finlandiarrak. Arrazoi berbera, ordea, balekoa da Hamiltonen eta Vettelen kasuan. Vettelek garaipen bakarra du orain arte; Webberrek, berriz, bi ditu. Horrek esan nahi du Vettelen autoa hiru garaipen lortzeko modukoa dela, baina egungo txapeldunak ez du maila eman orain arte. Igandean beste huts bat egin zuen, FIA Nazioarteko Automobilismo Federazioaren arabera. 1 Formulako agintariak oso zorrotz jarri dira aurreraketen inguruan, eta guztia arautu nahi dute. Urrunegi joan dira, eta ohiko lehia estua gaur egun zigor arriskuan dago. Vettelek kanpotik aurreratu zuen Button igandean, baina halako aurreraketa mordoa topa daiteke azken urteetan, eta ez dute inolako zigorrik jaso.
FIAren zorroztasuna
Hamiltonek ere jasan izan du FIAren irizpide zurruna azkenaldian, baina horretan hark badu erruaren zati bat, gidari oldarkor eta beroa delako. McLarenek ez du auto egokia izan aspaldian. Lasterketa ona egiteko larunbatetik hasi behar da, sailkapen postu ona lortuta. Bestela, asko lehiatu behar da, eta Hamilton aurreraketak egiteko orduan trebea bada ere, arriskutsua da azken finean. Asteburu honetan bertan saiatuko zela agindu zuen, baina zulatua izan zuen hasi eta berehala. Aurretik doanak ondo ikusten du pista osoa, baina atzetik doanak edozer arrasto zapal dezake kasik konturatu gabe.
Halakorik egin ez duena Alonso da, baita Ferrari taldea ere. Gidari azkarra izatea bezain garrantzitsua da une bakoitzean erabaki egokia hartzen duen taldea. Halaxe dabil aurten Ferrari. Ez da harena autorik azkarrena lehorrean, baina aurrerapauso itzela eman du denboraldia hasi zenetik. Alonsok azken hiru lasterketetatik bi pole eta bi garaipen lortu ditu. Oporretarako bikain prestatu dira Ferrarin, baina azken proba gainditu beharko dute Hungarian, astebete barru. Ferrarik baino gehiago, beste taldeek dute presioa abuztuko etenaldiaren aurretik egoerari buelta ematen hasteko. McLarenek nahiz Red Bullek garaipen bat behar dute txapelketan asko ez urruntzeko.
Titulurako 'pole'-an jarri da
Fernando Alonso espainiarrak Munduko Txapelketa irabazteko beste urrats bat egin du Hockenheimen irabazita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu