Lekeition Eusko Label eta Euskotren ligetako estropadak jokatu eta gero, Traineru Kluben Elkarteko komunikazio langileek elkarrizketa bat egiteko eskatu zioten Donostiarra Arraun Klubeko arraunlari bati, estropadaren ondorengo adierazpenak egitearren. Elkarrizketa egin aurretik, TKEko langileek arraunlariari jakinarazi zioten adierazpenak euskaraz eta gaztelaniaz egin behar zituela. Arraunlariak ezezkoa erantzun zien: «Nik euskaraz bakarrik egin nahi nuela adierazi nien, eta ezezkoa jaso nuen». Haiek argudiatu zuten gaztelaniaz egiten lagunduko ziotela. Donostiarra klubeko arraunlariak, berriz, jakinarazi zien arazoa ez zela «hizkuntza», baizik eta «printzipio kontua». Ika-mikak bere horretan jarraitu zuen, eta elkarrizketatzailea haserretu egin zen: «Haiek esan zidaten TKEn geundela, eta printzipioak baztertu behar zirela». Azkenean, arraunlariak erabaki zuen elkarrizketa ez egitea.
Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) «onartezintzat» salatu du gertatutakoa, eta hizkuntza eskubideen «urraketa larria» dela deritzo. Horretaz gain, nabarmendu dute euskararen bigarren mailako egoera «elikatzen» duela, eta «guztiz arbuiatzen» dituztela horrelako jarrerak. EHEk hizkuntza praktikak berrikusteko eskatu die TKEko arduradunei: «Guztiz onartezina da TKEk euskarari komunikazio publikoan ematen dion erabilera hutsala».