Oinatz Bengoetxeak amodio-gorroto harremana du lau t'erdikoarekin. Dohain ezin hobeak ditu jokatzeko, eta San Fermin torneoan erakutsi du oilarrei aurre egiteko gai dela —azken bi urteetan irabazi du—. Txapelketa nagusian, halere, inoiz ez da final-laurdenetatik pasatu, eta urtero burumakur bukatu izan du. Aurten ilusioa duela onartu du, «entrenamenduetan ondo ikusi dut neure burua», eta ligaxkan sartu nahiko luke, baina aurretik oztopo gogor bat du: gaur Mikel Urrutikoetxea kanporatu behar du, Balmasedan (22:15, ETB1).
«Lau t'erdikoa gustatzen zait; nire jokora ondo egokitzen den modalitate bat da, baina hainbat arrazoi direla medio, inoiz ez naiz iritsi handienen aurka jokatzera», esan zuen herenegun Bengoetxeak. Ezin da hobeto laburbildu, eta ez dago haren parte hartzeei begiratu bat egitea baino hoberik atsekabe hori ikusteko. Zortzi aldiz jokatu du txapelketa, eta bostetan final-laurdenetan kanporatua izan da. 2003an, Nagorek irabazi zion lehen partidan (22-10). 2005, 2006 eta 2007an, finalerdien atarian gelditu zen, Xalaren (22-17), Titinen (22-11) eta Barriolaren (22-7) aurka galduta, hurrenez hurren.
2008an, Olazabalen aurka galdu zuen lehen fasean (22-16); 2009an, Irujoren aurka final-laurdenetan (22-19); 2010ean, Barriolak kanporatu zuen final-zortzirenetan (22-15); eta iaz, Irujok berriz ere zapuztu zituen bere ilusioak final-laurdenetan (22-17). Parte hartze horietan, gainera, inoiz ez du sona handiko garaipenik lortu.
Txapelketa nagusitik kanpo, halere, Bengoetxeak erakutsi du trebea dela kaiolan, sanferminen berotasunean bereziki. Azken bi urteetan berak irabazi du Nafarroako lau t'erdiko txapelketa, eta 2010ean finalerako sailkatu zen. Urte hartan 22-8 galdu zuen finalean Irujoren aurka. Baina iaz hartu zuen ordaina, San Fermin eguneko goizean Iberokoari 22-10 irabazita. Jakina da pilotariak prestaketaz justu iristen direla San Fermin torneora, baina Bengoetxeak aurten eginikoa nabarmentzekoa modukoa da. Lehenbizi Olaizola II.ari irabazi zion (22-18), eta gero, Irujori finalean (22-12). Garaipen horiek ez dute txapeldun izateko faborito bihurtzen, baina bai, behintzat, finalerdietan sartzeko hautagai sendo.
Gaurko partidako irabazlea final-laurdenetako A multzorako sailkatuko da. Ligaxkan Olaizola II.a eta Xala ditu zain, eta laugarren kidea Titin III.ak eta Arretxe II.ak igandean Logroñon jokatuko duten partidatik irtengo da.
Bestalde, atzo astebururako azken bi partidetarako pilota aukeraketak egin ziren. Goizean, Logroñon, ez zen arazorik egon Titin III.a eta Arretxe II.aren artean. Arratsaldean, berriz, Eibarren, Saralegiri ez zitzaion gustatu Retegiren pilota moteletako bat.
Tokia aurkitu ezinik
Bengoetxea VI.ak gaur ekingo dio lau t'erdiko txapelketari, lehen aldiz final-laurdenetako langa pasatzeko asmoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu