Tokia txikitzen ari da

Xala-Laskurainek eta Berasaluze-Albisuk puntu oso garrantzitsua dute gaur jokoan, Zornotzan

Imanol Magro Eizmendi.
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Binakako Txapelketako sailkatze ligaxka bukatzeko, lau jardunaldi falta dira, eta ezin estuago dago sailkapena. Asteak pasa ahala finalerdietan sartzeko pasabidea estutzen ari da, eta gero eta toki gutxiago dago. Gaur, egoera pixka bat argitu dezaketen bi partida jokatuko dira, bat Zornotzan (17:15, Nitro) eta bestea Iruñean (16:45, Nitro). Amorebieta VI.a pilotalekuan Xala-Laskurainek eta Berasaluze VIII.a-Albisuk jokatuko dute. Labriten, berriz, Bengoetxea VI.a-Apraizek Aritz Lasa-Pascual izango dituzte aurkari. Pascualek Zubieta ordezkatuko du.

Zornotzako partidan sasoi onean dauden bi bikote elkartuko dira. Xala-Laskurain ligaxkako bigarren sailkatuak dira sei garaipenekin; Berasaluze VIII.a-Albisu, berriz, bosgarren, laurekin. Finalerdietan sartzeko lehian dauden bi bikote dira, eta irabazteak balio bikoitza du. Batetik, norberak ematen duen pausoa dago, eta, bestetik, aurkariak ematen ez duena. Asegarcekoentzat garrantzitsuagoa da, galduz gero sailkapen erdiko tropeletik eror daitezkeelako. Xalak, gastroenteritisak jota, ez du aste ona pasa. Lehen itzuliko partida Asegarcekoek irabazi zuten, 22-9.

Iruñean Bengoetxea VI.a eta Apraiz izango dira tropelari eusten saiatuko direnak. Aritz Lasak eta Pascualek, berriz, enpresaren mesedetan jokatuko dute. Asegarcekoak seigarren dira bost garaipen eta puntu alde txarrarekin; Aspekoak, berriz, zazpigarren, hirurekin. Pascualek Zubieta ordezkatuko du, Etxarrikoa eskuko minez baitago. Peñagarikanok duela bi aste partida ikusgarria jokatu arren, enpresak Pascual hautatu du. Lehen itzuliko partida Bengoetxea VI.a-Apraizek irabazi zuten (22-13).

Ogetara itzultzeko akordioa

Arabako Pilota Federazioak, EPELek eta Gasteizko Udalak akordio bat egin dute urtean «hamar edo hamabi» jaialdi antolatzeko Ogeta pilotalekuan, eta aurrenekoa gaur zortzi jokatuko da. Federazioak bultzaturiko akordioa izan da, eta Andre Mari Zuriko feriako bostez gain txapelketako beste zazpi joka daitezela da asmoa. Hogei hilabete dira Ogetan ez dela txapelketako partidarik jokatzen, 2010eko manomanistako finala izan zen azkena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.