Tolosa gehiago izan da

Baionak falta gehiegi egin ditu partida osoan, eta merezita galdu du Tolosa liderraren aurka (30-15)

Heymans Baionakoa, baloiari eusten aurreko partida batean. Atzo taldekide ohien aurka jokatu zuen. BOB EDME.
Eneritz Zabaleta.
2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Ezin denean ezin da. Tolosa talde handia da, eta talde handien aurka oparirik ezin da egin. Horrez gain, norbere onena eman behar da. Atzo, Baionak falta gehiegi egin zituen (17 orotara) emaitza ona lortu ahal izateko. Tolosari entsegu bat sartzeko bidea itxi zion, baina hainbeste zigor kolpe jasota alferrik da. Iragarpenek ez zioten aukera handirik uzten Jean Pierre Elizalderen taldeari, eta atzo iragarpenek ez zuten huts egin.

Eguraldiak hala aginduta, partida itxia izan zen atzokoa. Jokoa eremu txikira mugatu zen. Baionarrak, ustez, indartsu zeuden eremu horretan, aste bat lehenago Castresen aurka erakustaldia eman baitzuten. Baina, egiari zor, Tolosa sendoago aritu zen. Utartzeetan min egin zion Baionari, Tialataren gibeltzeek erakutsi bezala. Eskasetan ere kontrola zuen eta defentsan ederki eragotzi zuen Baionaren dortoka osatzea.

Hala ere, Baionaren defentsan zulorik topatu ez, eta Beauxisen zangoa erabili zuen tantoak sartzeko. Baionaren faltak horretan lagundu zuten, eta 15-6 ezarri zen aitzinetik. Hamar minutu falta ziren lehen zatia bukatzeko, baina Baionak burua altxatzeko indarra topatu zuen. Joko pragmatiko bati esker Tolosaren bi falta baliatu zituen partidan berriz sartzeko, tartean Heymansek zelai erditik jotako ostikada bat. 15-12koarekin iritsi zen atsedenaldia.

Bigarren zatian Tolosak zuloa egin zuen. Baiona baino hobeki sartu zen bigarren zatian, eta hamar minutuz baloi guztiak izan zituen. Abiadura ematen entseatu zen, eta Baionari sufritzea egokitu zitzaion. Bigarren zati hasiera on horri esker bi zigor kolpe sartu zituen Okzitaniako taldeak, eta haize pixka bat hartu: 21-12.

Lehen zatian bezala, Tolosa Baiona baino hobeki ari zen, eta lapurtarrak falta gehiegi egiten ari ziren. Hala ere, errealismoz jokatzen jarraitu zuten eta Benjamin Boyetek hiru punu gehiago sartu zituen: 21-15. Baionak defentsako puntu gehigarrian jarraitzen zuen zigor kolpe horri esker.

Hala ere, minutuak aitzina joan ahala partidak ildo beretik jarraitu zuen. Baionak faltak egiten jarraitu zuen. Tolosak, aldiz, eskuz arriskurik ezin sortu eta Beauxisen zangoarekin segurtatu zuen garaipena. Orotara beste hiru zigor kolpe sartu zituen 30-15ekoa ezartzeko. Tartean, Baionak bi aukera izan zituen arriskua sortzeko, Tolosaren 22 metroetan ziren bi eskasekin. Baina Roumieuk bere saltatzaileak ez zituen topatu. Azkenean, defentsako punturik ere ez zuen saskiratzerik izan Baionak, eta gero eta gehiago sailkapeneko azken postuei begira gelditu zen. Lan anitz egin beharko du hemendik aitzina Top 14an jarraitu nahi badu.

Miarritze-Toulon

Bestalde, Miarritzek arratsalde honetan partida oso garrantzitsua izanen du etxean, Toulonen aurka (16:15, Canal Plus). Miarriztarrak sailkapeneko azken postuan daude, eta garaipenaren behar gorria dute. Ez dute lan erraza izanen Toulon hirugarren postuan dagoelako eta anbizioekin etorriko delako Euskal Herrira.

Partida atarikoa tentsio handiarekin bizi izan du Miarritzek. Joan zen astean Staderen aurka galdu ondoren (26-15), Patrice Lagisquetek publikoki bere jokalarien jarrera kritikatu zuen. Asteazkenean, Laurent Rodriguez kirol zuzendariaren txanda izan zen. Rodriguezek, besteak beste, hainbat jokalariren profesionaltasun eskasa kritikatu zuen, zelaietatik kanpo, batik bat.

Testuinguru horretan, berri ona izanen da Dimitri Yachviliren itzulera, oso baita jokalari garrantzitsua. Uztartze erdia hasieratik ariko da, Munduko Kopa bukatu eta aurreneko aldiz. Hala ere, August, Hariñordoki, Lund edo Peyrelonguek min hartuta jarraituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.