Kirola

Tolosako Cantabrico, apusturik gabe

Urteetan pilotako, aizkorako edo segako trabes asko jokatu izan da taberna hartan baina, Eusko Jaurlaritzako araudi berria dela-eta, ezin du gehiago antolatu. Gainera, bi mila euroko zigorra jaso du.

2008ko martxoaren 25a
14:03
Entzun
Igandean jokatuko da Lehen Mailako Binakako Txapelketako esku pilota finala, Gasteizen, Olaizola II.a-Mendizabal eta Titin III.a-Laskurainen artean, eta, apustu aldetik behintzat, aurtengo finala desberdina izango da, Cantabrico Tolosako (Gipuzkoa) tabernan ezin dutelako apusturik egin. Eusko Jaurlaritzako araudi berriak galarazten du hori. Gainera, arau hori hausteagatik bi mila euroko zigorra jaso du Cantabricok.

"Pena" du Tomas Armendariz ostatuko jabeak. "Guk geuk orain dela 30 bat urte hartu genuen taberna, eta beti egin izan ditugu apustuak. Aurreko jabearekin ere egiten ziren trabesak. Beraz, guretzat etekin handirik izaten ez den arren, tradizioari eutsi nahi izan diogu", esan du gaur Armendarizek Euskadi Irratian. Urteetan pilota finaletako, eta aizkora edo sega lehietako trabes asko jokatu izan da taberna hartan. Bukatu da hori.

"Niri ondo iruditzen zait Jaurlaritzak arauak jartzea, baina egun berezietarako utzi beharko luke apustuak egiten: pilota finaletan, Kontxako estropadetan...", dio Armendarizek.

Tolosako Udalak eta eskualdeko beste hainbat erakundek babesa eman diote Cantabricori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.