Hasi da arraun denboraldia koska bat beheragoko mailetan. Pasai San Pedron (Gipuzkoa) jokatutako estropadekin ekin diote lehiari ETE eta KAE1 eta KAE 2 ligatan. Eta hasi, iaz bezala hasi da, bai, behintzat, ETE eta KAE 1 ligatan. Iaz, Tolosaldeak eta San Pedrok irabazi zuten aurreneko estropada, Castro Urdialesen (Espainia), eta gaur, beste horrenbeste egin dute San Pedron.
ETE ligan, lehengo lepotik dauka burua Tolosaldeak. Iaz, oso nagusi izan zen —hamabi estropadetatik bederatzi irabazi zituen—, eta aurten, itxura du berriz ere antzeko ibiliko dela. Gaur halere, gertu izan du Deustu. Lehen luzean, berdinduta egon dira biak, eta bigarrengoan, 4,66 segundogatik nagusitu dira gipuzkoarrak. Haien ondoren, dezenteko koska egon za: San Juan sailkatu da hirugarren, 13,20ra; Hibaika, laugarren, 16,60ra; eta Zumaia, bosgarren, 18,96ra.
KAE 1 ligan ere estua izan da lehia. San Pedrok lau segundo pasatxo atera dizkio Arkoteri eta Pedreñari. Gipuzkoako taldeak behetik gora eginda irabazi du. Izan ere, azken luzeari ekin aurretik, hirugarren postuan zen: lehena zen Arkote, eta, bigarren, Pedreña. Hiru segundora zegoen etxeko taldea, baina azken luze ikusgarria eginda buelta eman dio sailkapenari.
KAE 2 ligan, azkenik, Hondarribia B-k nagusitasunez irabazi du. Portugalete izan da bigarren, 12,56ra, eta Donostiarra B, hirugarren, 14,92ra.
ETE eta KAE 1 ligetakoak berriro ariko dira bihar, Getarian (Gipuzkoa), herriko arraunlari Andoni Galarraga zenaren oroimenezko banderan. Emakumezkoak 11:20ean hasiko dira arraunean, eta, gizonezkoak, 12:00etan. ETB1k zuzenean eskainiko du.