Azken hamabost kilometroetan kokatuta zegoen hirugarren mailako mendateak tropela hautsi, eta kontrolik gabeko amaiera ahalbidetu du. Azkarrek, igotzaileek, klasikozaleek... hartu dute parte azken kilometroetako erasoetan. Tony Gallopinek (Ag2r) helmugatik bi kilometro ingurura erasoa jo, buruan zen Jesus Herrada (Cofidis) pasatu, eta bakarrik egin ditu helmugara artekoak. Atzeko taldetxoan Peter Saganen (Bora) taldekideak zuloa ixteko ahalegina egin badute ere, ezin izan dute frantziarra harrapatu. Bigarren izan da Sagan, eta Alejandro Valverde (Movistar) hirugarren. Laugarren, Eduard Prades (Murias) izan da.
Etapak galtzailerik utzi badu, hori Michal Kwiatkoski (Sky) da. Azken kilometroetako jaitsiera batean erori egin da beste pare bat taldekiderekin batera. Atzetik aurrerakoa egin du, baina 30 segundo utzi ditu helmugan. Nagusian seigarren da orain, 1.06ra. Lider, aldiz, Rudy Molardek (FDJ) jarraituko du beste egun batez.
Eguneko ihesaldia zazpi kidek osatu dute. Tartean ziren Alex Aranburu (Caja Rural) eta Oscar Rodrigez (Murias) euskal herritarrak. Aranburuk azken igoeran egin du bakarkako ahalegina. Ez du asko iraun. ordea. Hala ere, podiumera igo da saiatuenaren saria jasotzera.