Lasterketak 33. aldia bete du gaur, eta Gallopin da horretan nagusitutako hirugarren frantziarra, Armand de las Cuevas (1994) eta Laurent Jalaberten (2001 eta 2002) ondoren.
Postu onak egiten ari zen denboraldian 25 urteko frantziarra, bai Paris-Nizan eta baita Dauphine Liberen, esaterako, zenbait etapetan nabarmenduz; Frantziako Txapelketan ere hirugarren izan zen errepideko proban, Arthur Vichot (FDJ) eta Sylvain Chavanalen (Omega) atzetik.
Donostian atera ahal izan du arantza hori. Erakustaldia emanda, gainera. Arkalen jo du aurrera 11 txirrindulariz (Valverde, Kreuziger, Landa, Nieve, Roche, Astarloza, Mozer, Chavanel, Jeannesson, Eijsen) osatutako talde batetik, eta gainean 12 segundoko aldea baino ez zeukan. Euria ari zuen, eta errepidea labainkor zegoen, baina abilezia handia erakutsi du, jaitsieran, bihurgunean marrazterakoan. Hor handitu du aldea apur bat. Oraindik ere, halere, dozena bat kilometro falta ziren helmugaraino.
Saxo-Tinkoff-eka eta Euskaltelek bina kide zituen atzean lanerako, eta Valverde bera ere gogoz sartu da erreleboan, lasterketako txirrindularirik indartsuenetako bat zela jakinda. Gallopinek, baina, espainiarrak adina indar zuela erakutsi du azkeneko kilometroetan. Ordekan zein Miracruzen gora ez du bere hanketako sua apaldu, eta gustura, lasai eta pozik helmugaratu da, garaipena dastatzeko denbora hartuta, gainera.
Bere ibilbideko laugarren garaipena du gaurkoa. 2010ean egin zuen debuta profesionaletan.