Baiona. Iginiz (Manukula, 69. min), Roumieu, Tialata (Boyoud, 62. min); Boutaty, Chisholm; Marmouyet (Puricelli, 39. min), Haare (Flavell, 72. min), Bernad; Philips (Gartzia, 54. min), Potgieter (Boyet, 64. min); O'Connor, Mazars (kapitaina), Gerber (Rokocoko, 69. min), Huget; eta Heymans.
Agen. Telefoni (N'Nomo, 44. min), Narjissi (Janaudy, 64. min), Muller (Shekashvili, 64. min); Senekal, Fa'Aoso; Monribot, Giraud, Badenhorst (kap.) (O'Connor, 30. min); Machenaud, Barnard; Edmond Samuel (Tian, 56. min), Robinson (Ahotaeiloa, 55. min), Pelesasa, Vaka; eta Dulin.
Markagailua. 0-3; 7-3; 7-10 (atsedenaldia) 10-10; 17-10; 24-10; 31-10.
Epailea. Cedric Marchat.
Gauzak parean izatea deitzen zaio horri. Baionak ezin izan zuen egun hoberik amestu. Bi oreneko tartean, dena alde izan zuen. Sasoi honetan lehen aldikoz, erasoko puntuarekin irabazi zuen. Bizkitartean, Brivek defentsako punturik gabe galdu zuen etxean (9-23). Sailkapenean gauzak pare-parean ezarri zaizkio. Jaitsiera postuetatik atera da, eta Briveri bost punturen aldea atera dio.
Baionak zango eta hiru laurden ditu Top14an. Maila galtzeko, Castresen etxean galdu beharko luke, punturik lortu gabe. Aldi berean, Brivek Clermont bigarrenaren etxean irabazi beharko luke, erasoko puntuarekin.
Lehen hipotesia gertatzea posible da, Castresek finalerdietarako promozioko partida etxean jokatzeko irabazi beharra baitu. Baina Brivek Clermonten etxean erasoko puntuarekin irabaztea Realak Real Madrili Santiago Bernabeun 0-4 irabaztea bezala litzateke. Hori gertatuta ere, Baionak aski luke defentsako puntuarekin galtzea, matematikoki segurtatzeko jarraituko duela.
Atzoko partiden ondotik, Brive hondoa jota dago, eta Baiona bolada onean. Zenbat aldatzen diren gauzak 80 minutuan. Duela hiru aste, inork gutxik jokatuko zuen zentimorik Baionaren alde. Atzoko partida hasi baino lehen, jaitsiera postuetan zegoen. Baina partida bakarrean, egoera goitik behera irauli dute baionarrek.
Atzoko garaipenaren meriturik ezin izango dio inork kendu Aturri eta Errobiko taldeari. Lehen minututik azkeneraino Agen baino askoz gehiago izan zen. Markagailuak merezitako sententzia ezarri zuen.
Baiona bizi hasi zen, bere zelaitik baloiak eskuz jokatzeko beldurrik gabe. Gerber, O'Connor eta Heymans bazterrak nahasteko zeuden. Aitzinean, Iginizek eta Tialatak lautan txikitu zuten Agenen uztartzea. Baiona agintzen ari zen, baloia eskuetan etengabe ukanez, baina ez zuen punturik lortzen.
Zuloa, bigaren zatian
Luzaz, Barnardek sartutako zigor kolpeak Agen 0-3 aitzinean utzi zuen. Baiona goitik behera ari zen agintzen, Agenen 22 metroetan jokatuz. Hirutan, aitzinekoen lanari esker, Agenen entsegu eremura sartu zen. Baina ezin izan zuen baloia lurrean zapaldu.
Pazientzia kontua zen, ordea. Sei minutuz entsegu marran erasoan egon ondoren, 38. minutuan Gerberrek sartu zuen merezitako entsegu hori: 7-3. Lehen zatia bukatzear zegoen, baina hara non Agenek hurrengo jokaldian entsegua sartu zuen. Vakak bikain eraman zuen kontra erasoa eta Dulinek 7-10koa ezarri zuen.
40 minutu falta ziren partidari itzulia emateko. Eta Baionak ez zuen denborarik galdu. Potgieterrek partida berdindu zuen, eta Baionako uztartzeak bere txikizioa jarraitu zuen. Cedric Marchat epaileak zigorrezko entsegua eman beste erremediorik ez zuen izan: 17-10.
Baionaren entseguak errestan etorri ziren, gero. Lehenik, Roumieuk ederki ihes egin zuen dortokatik: 24-10. Hamar minutu berantago, Baionaren beste erasoaldi bat etorri zen. Eremu txikian, zelai erdian, hegaletan... baloia lau txokoetara eraman zuen. Azkenean, Boutatyk, Casablancako tigreak, sartu zuen entsegua.
Baiona garbi zegoen aitzinetik (31-10), eta erasoko puntua lortu zuen marokoarraren entseguarekin. Azken hogei minutuetan Agen hil edo bizi joan zen erasora, baina ez zuen sekula Baiona estu hartu. Garaipena etxean gelditu zen. Salbazioa ere bai, ia-ia.
Baiona 31. Agen 10
Top14ari baietz erran dio
Baionak erasoko puntu gehigarriarekin irabazi dio Ageni, eta esku-eskura dauka hurrengo sasoian Top14an jarraitzeaBoutatyk eta Roumieuk baieztatu egin dute Baionan jarraituko dutela hurrengo sasoian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu