Beñat Rezusta. Aspeko pilotaria

«'Torneo' hitza tartean denean, finalera heldu nahi izaten duzu»

San Fermin torneoa irabaziz hasi du udako sasoia Beñat Rezustak, eta horrek «lasaitasuna» eman dio udako gainerako txapelketetarako. Mastersa gaur hasiko du, «gogoko» duen frontoi batean: Urrestillakoan.

GOTZON ARANBURU / @FOKU.
Manex Usarralde Garmendia
2023ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
San Fermin torneoa irabazi zuen aurreko astean Beñat Rezustak (Bergara, Gipuzkoa, 1993), Jokin Altuna bikote zuela. Lehenengo partida galdu bazuten ere, finalera iritsi, eta irabaztea lortu zuten. Gaur, Masters txapelketa jokatzen hasiko da, eta Jon Ander Peña izango du bikotekide. Joseba Ezkurdiaren eta Ion Mariezkurrenaren aurka neurtuko dituzte indarrak (22:00, EITB 1).

Zer moduz zaude San Fermin torneoa irabazi ostean? Zer hausnarketa egin duzu horren inguruan?

Uda hasieran horren txapelketa garrantzitsua irabazteak lasaitasun apur bat ematen du. Niri dagokidanez, txapelketa ez nuen oso ondo hasi, baina, torneoa aurrera joan ahala, hobeto nabaritu nuen neure burua; eta, azkenean, lortu genuen finalera iristea. Finaleko partidan huts gehiago izan ziren. Baina, azkenean, han giro latza zegoela ikusita eta, gainera, irabazita, izugarri poztu nintzen.

Altuna III.arekin jokatzea nolakoa da? Zer sentitu duzu haren mailako pilotari batekin jokatzean?

Dudarik gabe, itzela da Jokinen mailako pilotari batekin jokatzea. Bere maila erakutsi du, sanferminetako torneoko lau eta erdikoa ere berak irabazi baitu. Partida guztietan ikusten da zer-nolako erraztasuna duen pilotan jokatzeko. Horrek sekulako konfiantza ematen dizu. Gutxitan lehiatzen gara batera, eta, horregatik, asko pozten nau harekin jokatzeak.

Zer diferentzia dago jaietako torneoen eta beste txapelketen artean? Zeinetan jokatzen duzu gusturago?

Behin torneo hitza tartean sartzen denean, finalera heldu nahi izaten duzu. Horrek beste txapelketen antza ematen dio. Horregatik, jokatzeko garaian beti eman nahi izaten dut maila ona. Hala ere, jokatzeko era aldatu egiten da horrelako partidetan, orokorrean pilotariok gehiago arriskatzen baitugu. Jaietako lehiaketak urte osoan oso zabalduta daudenez, garrantzitsuak dira. Horregatik, behin frontoira ateratzean ondo jokatzen saiatzen zara, ikusleei zor diezun errespetuagatik. Eta, azkenean, ez dakigu dena eman gabe jokatzen.

Masters txapelketa hasiko duzue gaur. Peñarekin jokatuko duzu. Nola ikusten duzu txapelketa?

Ostiralean [gaur] hasiko dugu Mastersa, Urrestillan [Gipuzkoa]. Duela bi urte bezala Peña izango dut bikotekide. Uste dut nahiko txapelketa polita egin genuela orduan, nahiz eta finaletik kanpo gelditu ginen. Jon Anderrek azkartasuna ematen dio pilotari eta beti egoten da prest atzelariari laguntzeko. Uste dut bikote ona osa dezakegula.

Lehenengo partida Joseba Ezkurdiaren eta Ion Mariezkurrenaren aurka jokatuko duzue, iazko txapeldunen aurka. Nola ikusten dituzu aurkariak?

Partida zail batekin hasiko gara, baina gogo handiarekin joango gara. Gainera, Urrestillan jokatuko dugu. Partida asko jokatu ditut han, eta gustukoa dut frontoia.

Masters txapelketan, bi enpresetako pilotariak nahastuz osatzen dituzte bikoteak. Gustuko al duzu aldaketa hori?

Aldaketak beti edukitzen du zerbait berezia. Enpresa berekoak garenok bueltan-bueltan aldatuz joaten bagara ere, egia da aukera gehiago dauzkagula elkarrekin jokatzeko. Mastersean, aukera daukagu beste enpresako pilotariekin jokatzeko. Nire kasuan, Jon Anderrekin. Gutxitan jokatu dut harekin. Pilotariok nahastuz, bikote konbinazio berriak sortzen dira, eta hori polita da ikusleentzat. Larrazabal eta Zabaleta eta Elordi eta Albisu, adibidez, bikote interesgarriak dira, besteak beste.

Altunarekin jokatuko duzu Bilboko torneoa ere. Lehen partida Elordi eta Zabaletaren aurka izango duzue. Zer deritzozu partida horri?

Zerbaitengatik irabazi zuten bikotekako txapela. Zabaletak urte asko daramatza goi mailan, eta Elordik maila nabarmena eman du azkeneko urtean, irabazi duen guztiagatik. Baina, uda bete-betean jokatuko dugunez, ikusi egin beharko da nola iristen den bikote bakoitza. Udan horrenbeste partida jokatzearen ondorioz, askotan nekatuta iristen gara. Urtean zeharreko txapelketetan, pilotariok agian badugu modua aurrerago begiratzeko. Baina, orain, horrenbeste partida izanda, urrun ikusten dut abuztuko neurketa hori. Horregatik, aurretik ditudan partidetan zentratu nahi dut.

Aipatu duzu pilotariek partida asko jokatzen dituzuela udaran. Horrenbeste partida izanda, eskuek ere sufritu egingo dute. Nola zaintzen dituzu?

Egutegian hiru edo lau partida elkarren nahiko jarraian dauzkagunean, beldur apur bat ematen dizu. Tartean egunen batean atseden hartzen baduzu, berriz, indarberritzeko aukera duzu. Partidak jarraian tokatzen direnean, eskuetan kolpeak ditugula bukatzen dugu. Ahal den neurrian, saiatzen gara zaintzen. Horretarako, izotza jartzen dugu, eta eskuetan masajeak hartu. Hala ere, indarberritzea ez da lan erraza izaten.

Ez al zenuke eskertuko partidak hain maiz ez izatea?

Nik beti jokatu nahi izaten dut, hori argi utzi nahi dut. Partiden artean egun bateko edo biko tartea badago, ez dut jokatzeko arazorik. Bizpahiru partida segidan egokitzea izaten da txarrena. Bestela, ni behintzat beti egoten naiz prest pilotan aritzeko. Gainera, gustura egoten naiz partida bat dudanean. Udaran partidak maizago ditugulako, indarberritzeko baliatzen dugu tarteko denbora, eta ez gara horrenbeste entrenatzen. Urtean zehar, ordea, entrenamenduak izaten ditugu aste barruan: horrela errazagoa zaigu atseden hartu eta hurrengo partidarako osatzea.

Partidak jokatzeaz gain, alde batetik bestera kilometro asko egin behar izaten dituzue. Nekagarriagoa al da hemendik hara ibiltzea, partidak jokatzea baino?

Urte osoan ibiltzen gara joan-etorrika. Ni neuk, behintzat, entrenamendu fisikoa Tolosan egiten dut: ez da urruti, baina autoan nabil beti. Frontoiko entrenamendurako ere mugitzen naiz Bergaratik, eta masaje emailearengana Logroñoraino joaten naiz. Hortaz, partidak direla, entrenamenduak direla, masajista edo medikua dela, denbora asko igarotzen dut autoan. Senideak eta lagunak jabetzen dira horretaz, eta beti izaten da norbait laguntzeko prest; eta, egunen batean ez badut gidatzeko gogo handirik, horietako bati eskatzen diot laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.