Ahaztezin izateko jaio zen igerilaria. Jendearen oroimenetik aldentzen hasia zenean etorri da berria. Ian Thorpe australiarra, torpedoa, igerilekuetara itzuli da. Lau urte luze pasatu ditu goi mailatik kanpo, inongo txapelketetan parte hartu gabe. Erretiroa hartu zuenean, batek baino gehiagok pentsatu zuen Thorpe lehenago edo beranduago lehiara itzuliko zela. Baina gaurdaino ez du hori pentsarazteko seinalerik eman. Orain bai, bueltan dela jakinarazi du, eta Torpedoak Londresko Olinpiar Jokoak ditu jomugan.
Puntako kirolarien egunerokotasunarekin aspertuta utzi zuen igeriketa. Makina bat urtez egindako sakrifizioekin nekatuta zegoen, eta lesioek ere buruhauste ugari ekarri zizkioten. Hala, 2006ko azaroan hartu zuen erabakia: bere ibilbidea eten eta erretiroa hartzea.
Ez zen halako erabakia hartzen zuen lehenengo igerilaria, eta ez da azkena izango. Puntako kirolarien errutina gogorra da oso: lana, lana eta lana. Egunean 24 ordu, astean zazpi egun. Errukirik gabe, gordina. Gaztea zen igeriketa utzi zuenean —24 urte zituen—, eta bere gorputzak urte gehiagoz lehiatzeko indarra zuen oraindik. Grina eta gogoa, baina, ahituak zeukan. Lasterketak irabazteak ez zion dagoeneko asetzen.
Erretiroa hartu eta urtebetera, hedabideen arretatik kanpo zegoela, bere ibilbidea eta ondarea belzteko zorian egon zen. L'Equipe Frantziako kirol egunkariak dopin kontrol batean positibo eman zuela iragarri zuen. Australiako Dopinaren Aurkako Agentziak ez zuen ikerketarik martxan jarri; baina bai Nazioarteko Igeriketa Federazioak. Ikerketa abian egon zen bitartean Thorpen lorpen guztiak susmopean egon ziren. 2006ko analisi batzuetan testosterona maila «ezohikoa» eman zuela adierazi zuten. Hilabete batzuk geroago igerilari australiarra dopin susmoetatik libre zegoela azaldu zuen igeriketa federazioak.
Orain, gutxien espero zitzaionean itzuli da. Bost hilabete daramatza isilpean entrenatzen. Zortzi udal igerilekutan ibili da prestatzen, ahalik eta susmo gutxiena sortzeko. Thorpen lagun hurkoenek ere ez zuten bere asmoen berri. Sekretupean eraman du itzulera, prest zegoela jakin artean, ez baitzuen zurrumurrurik hedatu nahi. Atzo eman zion munduari itzuleraren berri, Sydneyn (Australia) eginiko prentsaurrekoan. Itxaropentsu agertu zen kazetarien aurrean: «Ez nuen inoiz pentsatzen hau gertatuko zenik. Izugarria da, baina berriro prest nago». Hemendik aurrera, Abu Dhabin (Arabiar Emirerri Batuak) eta Europan egingo du prestaketa.
Itzulerarako helburua ere finkatu du: 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan parte hartzea. Ez da erronka samurra, ikusteko baitago nolako sasoian dagoen. Baditu baliabide nahikoak sasoiko jartzen bada, Michael Phelps, Ryan Lochte, Paul Biedermann eta enparauen mailan egoteko. Dena den, oraindik bide luzea du bere onenean egoteko. Azkenaldiko agerraldietan, kilo batzuk irabazi dituela antzeman daiteke. Urte eta erdi du sailkatzeko.
Garaipen zerrenda ikusgarria
22 aldiz ondu du munduko markaren bat Thorpek; baina bere errekor guztiak hobetu dituzte dagoeneko. Bost aldiz izan da olinpiar txapeldun —Sydneyn 2000n eta Atenasen 2004an—. Olinpiar Jokoez gain hamaika txapelketa irabazi ditu. Lau urtez, 100, 200 eta 400 metroko probetan maisua izan zen. Halere, Londresera begira uko egin dio 400 metrokoan lehiatzeari. Txandakakoa da bere erronka nagusia, AEBetako taldeari irabazteko, 2000koa errepikatzeko. Torpedoa itzuli da, inork ez daki zenbateko indarrarekin; baina igerilari guztiak berari begira daude orain.
Torpedoa prest dago
Orain dela lau urte erretiratu ondoren, igerilekuetara itzuli da Ian Thorpe australiarra. Hamaika marka ondutakoa da, eta bost aldiz izan da olinpiar txapeldun. Orain, 2012ko Olinpiar Jokoetan parte hartzea du helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu