Toulon ez da Rovigo

Baionak Top14ari ekingo dio berriz, gaur, Toulonen, entrenatzaile berrien bigarren partidan

Baionako jokalariak, baloiari eutsi nahian, Montpellierren aurkako partidan. GAIZKA IROZ.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Nola dago Baiona gaur Toulongo Felix Mayol zelaian jokatu aurretik? Arras gaizki, sailkapenari begiratuta: jaitsiera postuetan, 23 punturekin, eta entrenatzaile bikote berria duela, Didier Faugeron eta Denis Avril. Taldea, hala ere, hobeto dago, joan zen astean Europako Challengean Italiako Rovigori 92-6 irabazi ostean. Italiarrek puntu anitz jaso zituzten, baina inor ez dadila tronpa, 14:15etik aurrera aurrean izango duen aurkaria beste maila batekoa da.

Toulonera joatea ez da afera erraza izanen. Mediterraneoko taldea hirugarren dago sailkapenean, eta azken urteetako erreferentzia bihurtzen ari da. Urtez urte, hego eta ipar hemisferioko izarrak fitxatzen ditu: Wilkinson, Giteau, Bakkies Botha, Hayman, Bastareaud... Ez dira gutxi eliteko errugbian izar titulua irabazi duten Touloneko jokalariak.

Horiei denei aurre egin beharko die Baionak. Touloneko konstelazioari begiratu gabe, etxean aski lan izan du orain arte Lapurdiko taldeak. Oraindik bi aste ez dira igaro Jean Pierre Elizalde taldetik kanporatu zutenetik. Haren ordezkoek Europako Challengeko partida bat izan dute, beren estreinaldia egiteko.

Gaur, baina, lehendabiziko azterketa izanen dute. Top14ak du garrantzia, eta Baiona oso egoera txarrean dago. Jaisteko postuak gibelean uztea da helburua: «Salbatzeko gogoa dauka taldeak; gora begira jartzeko ordua da», dio Faugeronek.

Asmoa ona da, baina denbora bukatzen ari zaio Baionari, eta orain arte pilatutako beranta gaindiezina bihur daiteke: «Egia da azken egunetan korrika eta presaka ari garela lanean», gaineratu du Baionako teknikariak.

Joe Rokocoko gabe

Azken egunak krisiaren zauriak ixten pasatu dituzte jokalariek. Jokalari batzuk Baionako zaleen ordezkariekin bildu dira, egiak aurpegira bota eta hemendik aitzina batasuna lortzeko. Orain arteko emaitza txarrak, zelaitik at izandako gehiegikeria eta aferak... denakahantzita daude.Mailari eustea da helburua.

Horretarako, Faugeronek ez du iraultzarik egin hamabostekoan. Sasoi hasieratik ari direnei konfiantza mantendu die: Roumieu, Boyet, Iginiz, Gerber, Baget... denak zelaian izanen dira. Dopin agentziarekin izandako tirabiren ondotik, Hugetek bigarren partida izanen du. Ez da zelaian izanen, aldiz, Rokocoko. All Blacks-eko jokalari ohiak min du izterrean, eta ez da deialdian sartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.