Txirrindularitzako Nazioarteko Batasunak eta lasterketetako antolatzaileek bilera bat egin dute, eta onartu dute Frantziako Tourra atzeratzea. Lasterketak badu data berria, eta azken egunetako zurrumurruak baieztatu dira: abuztuaren 29tik irailaren 20ra jokatuko da. Hori da, behintzat asmoa, betiere osasun egoera kontuan hartuta.
Horren arabera antolatuko da gainontzeko egutegia. Printzipioz, eutsi egingo zaie Errepideko Munduko Txapelketen egunei. Irailaren 20tik 27ra lehiatuko dira, Suitzan, eta horren ondoren kokatu nahi dituzte egutegian Giroa eta Espainiako Vuelta. Baina ez dute zehaztu horiek noiz egingo diren. Txirrindularitzako Nazioarteko Batzordeak argi duena da aurrena Giroa jokatuko dela, eta gero Espainiako Vuelta. Klasiko nagusiei ere lekua egin nahi diete. Eta orain egutegi berria lantzen hasi behar dute.
David Lappartient presidenteak nabarmendu du Tourrari lehentasuna eman diotela egutegia antolatzeko garaian. "Txirrindularitzarentzat duen esanahi, ikusgarritasun eta garrantzi ekonomikoagatik, hala egitea erabaki dugu. Hortik aurrera, ahalik eta proba gehien jokatzea izango da gure lehentasuna", adierazi du.