Txirrindularitza

Tourra bere oinetara jarri du Pogacarrek

Erakustaldi handia egin du esloveniarrak, 34 kilometrora erasoa jo, eta lasterketa ia erabakita utzita. Teunsek irabazi du etapa, Izagirreren aurretik. Bilbao hamargarren jarri da sailkapen nagusian  

enaut agirrebengoa
2021eko uztailaren 3a
18:46
Entzun

Talde ahula zuela, estrategikoki sufritu egin zezakeela, segadaren batean eror zitekeela... Zalantza guztiak kolpetik uxatu ditu gaur Tadej Pogacarrek (UAE), helmugarako 34 kilometro gelditzen zirela eraso ikusgarri eta erabakigarria jota. Etapa ezin izan du irabazi, Dylan Teuns (Bahrain) gailendu baita, Ion Izagirreren (Astana) aurretik. Edonola, urrats erraldoia egin du sailkapen nagusiko lehian: hiru minutu baino gehiago atera die aurkari guztiei, eta maillot horia kendu dio Mathieu van der Poeli (Alpecin). Bi aste gelditzen dira oraindik, baina oker edo mirari handirik ezean, berea du Tourra.

Bezperan jipoia hartu izanagatik, erritmo zoroan hasi dute etapa txirrindulariek. Ez zuten amaierako mendateen zain egoteko asmorik, eta hasi eta berehala piztu dute txinparta, euripean. Ugariak izan dira ihesaldia eratzeko ahaleginak; Wout van Aert (Jumbo) temati aritu da, eta Pogacarrek ere egin du saiakera bat. Erabat aletu da tropela zalapartaren ondorioz, eta bertan ez zeuden ez Primoz Roglic (Jumbo Visma), ez Geraint Thomas (Ineos). Oraindik ez diete buelta eman erorikoek eragindako kalteei.

Etaparen erdia igaro da ihesaldia sortu eta egonkortu den arte. Wout Poelsek (Bahrain) bakarkako abentura egin nahi izan du, baina atzetik hamazazpi txirrindulariko multzo bat batu zaio. Bertan zeuden, besteak beste, Teuns, Simon Yates (Bike Exchange), Michael Woods (Israel), Nairo Quintana (Arkea) eta Sepp Kuss (Jumbo); baita Izagirre eta Jonathan Castroviejo (Ineos) euskal herritarrak ere. Ia lau minutuko aldearekin iritsi dira Saxonnexera, etapa amaieran elkarren segidan zeuden hiru mendateetatik lehenengora. Aurrez kamioi bat katigatuta gelditu da igoera horretan, baina ziklistek ez dute inongo oztoporik topatu. Jaitsieran izan ditu komeriak Izagirrek: atzeratu egin da zira janzteko, eta gero, presaren presaz, errepidetik atera da bihurgune batean.

Rommera lasterketa buruan iritsi da Woods, maldan behera erasoa jota. Mendate horretan piztu da sua oilarren artean. Erritmo itogarria jarri du Davide Formolok (UAE), eta ezinean gelditu da Mathieu van Der Poel liderra (Alpecin); baita Van Aert ere. Hortik gutxira lehertu du lasterketa Pogacarrek. Ihardesten saiatu da Richard Carapaz (Ineos), baina amore eman behar izan du berandu gabe.

Pedal-kolpe magikoa zuen esloveniarrak. Hipnotikoa zen haren hanka-jokoari begiratzea. Arin eta indartsu, Tourrean aspaldi izan den bakarkako erakustaldirik handiena egin du. Abiatu denean, 5 minutura zeukan Woods; bada, bi minutu kendu dizkio Rommeko gainera iritsi aurretik, eta minutua atera dio Carapazi. Katerik gabe zihoan, eta abaila batean jarraitu du Colombieren. Gailurrera iritsi aurretik, harrapatu eta aurreratu egin ditu Woods eta atzetik aurrera egindako Izagirre. Haatik, buruan Teuns zegoen, hamabost segundo eskaseko errentarekin. Jaitsieran ez du arrisku handiegirik hartu nahi izan Pogacarrek, eta haren gurpilera iritsi dira Izagirre eta Woods. Ormaiztegiarrak irabazi du bigarren postua lortzeko esprinta. Garaipena, Teunsena izan da, Bahrainen goraldiari jarraipena emanaz.

Pogacarrengandik 3.20ra iritsi a beste hautagaien multzoa. Bertan sartu da Pello Bilbao (Bahrain), eta hamargarren jarri nagusian, 6.41era. Pogacarren atzetik, Van Aert ageri da sailkapenean, 1.48ra, eta Alexei Lutsenko (Astana) dago hirugarren, 4.38ra. Alpeetako bigarren etapa jokatuko da bihar, Cluses eta Tignes artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.