Alexandr Vinokuroven positiboaren ondoren Michael Rasmussen atzo arteko liderraren kanporatzeak egoera hankaz gora jarri duen arren, Frantziako Tourra bertan behera ez uztea erabaki dute gaur antolatzaileek eta taldeetako zuzendariek. Bilera egin dute goizeko hamaiketatik aurrera, eta hor hartu dute erabakia. 13:00etan hasi da etapa, 17.a: Paue-Castelsarrasin (188,5 kilometro). Nahikoa ibilbide laua zeukan.
Hala ere, maillot horirik gabe irten du gaur Tourrak, historian lehen aldiz. Orain Alberto Contador da liderra sailkapen nagusian, baina antolatzaileek erabaki dute honek gaur ez zuela maillot horiarekin korrituko.
Helmugara Martin Elmiger, Daniele Bennati, Markus Fothen eta Jens Voigt ihes eginda iritsi dira, tropelarekiko 9.37ko aldearekin, eta Bennati nagusitu da lauren arteko esprintean.
Bihar, 18. etapa: Cahors-Angouleme (211 kilometro). Laugarren mailako lau mendate izango dituzte.
Rabobank etapan da, eta taldetik bidali egin du Rasmussen
Rasmussen Tourretik kanpo uztea erabaki zuen atzo gauean haren talde Rabobank-ek, baina taldeak berak ez du utzi proba, eta gaurko etapan irten egin du. Horretaz gain, bertako agintariek Rasmussen taldetik bidaltzea erabaki dute gaur.
"Gezurra esan" eta ekipoaren araudia hautsi zuela argudiatuta utzi zuen Tourretik at Rasmussen Rabobankek. Honen arabera, txirrindulariak ekainean Mexikon zegoela esan zien, baina gerora Italian egon zela jakin du taldeak. Tarte horretan, Rasmussenek ez zituen Danimarkako Txirrindularitza Federazioak egin beharreko dopinaren kontrako kontrol bi pasatu, eta horrek eztabaida handia sortu du azken egunotan, lehertu arte.
Atzo gaueko hamaikak pasatxo zirela jakin zen kanporatzea, eta Rabobankeko txirrindulariek ondoren bilera egin eta Tourrean segitzea erabaki zuten, Erik Breukink zuzendariak gaur jakinarazi duenez. "Uste dugu proban segitzea dela erabakirik onena, gure babeslearekiko eta munduko lasterketa onenarekiko errespetuagatik".
Aldiz, herenegun Vinokurovek aurreko larunbateko etapan positiboa eman zuela jakin zenean, haren talde Astanak Tourra uztea erabaki zuen. Cristian Morenik ere positibo eman duela jakin zen atzo, eta haren talde Cofidisek utzi egin du proba.
Txirrindularitza
Tourra bertan behera ez uztea erabaki dute, eta Bennatik irabazi du etapa
Antolatzaileek eta taldeetako zuzendariek bilera egin dute gaur goizean, eta hor hartu dute erabakia. Dena dela, Contadorrek ez du maillot horiarekin irten. Rabobank-ek atzo gauean Rasmussen probatik kanpo utzi zuen arren -gaur taldetik bidali du-, bertako txirrindulariak etapan izan dira gaur, "babeslearekiko eta munduko lasterketa onenarekiko errespetuagatik". Elmiger, Fothen eta Voigti esprintean nagusitu zaie Benatti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu