Tourra itzuliko balitz bezala

Bihartik larunbatera bitarte jokatuko da aurtengo Euskal Herriko Itzulia. Itzal handiko hiru faborito izango ditu: Vingegaard, Evenepoel eta Roglic. Lasterketa Iparraldean sartuko da aspaldiko partez, eta azken urteetan baino ibilbide leunagoa izango du.

Jonas Vingegaard, Tirreno-Adriatikoko seigarren etapa irabazten. Bi irabazi zituen, baita itzulia ere. Sasoi betean iritsiko da Euskal Herriko Itzulira.ROBERTO BETTINI / EFE
Jonas Vingegaard, Tirreno-Adriatikoko seigarren etapa irabazten. Bi irabazi zituen, baita itzulia ere. Sasoi betean iritsiko da Euskal Herriko Itzulira.ROBERTO BETTINI / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko martxoaren 31
05:05
Entzun

Euskal Herriko errepideetan iazko Frantziako Tourraren oihartzuna entzun daiteke oraindik, eta durundi egingo du bihartik datorren larunbatera bitarte, Itzuliaren 63. aldian. Ehun urte dira lasterketa hori aurrenekoz antolatu zutenetik, eta Tourraren pareko parte hartzea izango du aurten. Iazko txapeldun Jonas Vingegaard (Visma) izango da kartelburua, Remco Evenepoel (Soudal) eta Primoz Roglicekin (Bora) batera. Oilategian Tadej Pogacar (UAE) faltako da bakarrik. Haiekin batera mokoka ariko dira euskal herritarrik indartsuenak: Mikel Landa (Soudal), Pello Bilbao (Bahrain) eta Ion Izagirre (Cofidis).

Doan lasterketara doala, irabazteko faboritoa da Vingegaard. Munduko eskalatzailerik onena da, eta, Tourreko bi garaipenez gain, bilduma ederra ari da osatzen astebeteko itzulietan: bi aldiz irabazi du O Gran Camiño, eta behin Itzulia, Dauphine eta Tirreno-Adriatiko. Duela hilabete nagusitu zen Italiako lasterketan; baita aise nagusitu ere. Mendiko etapetan ez zuen aurkaririk izan. Paris-Nizan kale egin ondoren iritsi zen iazko Itzulira; aurten, berriz, konfiantzaz eta indarrez gainezka dago. Momenturik erabakigarrienetan, aldamenean izango du Sepp Kuss.

Zalantza handiagoa piztu dute danimarkarraren aurkari nagusiek. Evenepoelek erakustaldia eginez irabazi zuen Figueira klasikoa, baina distirarik gabe gailendu zen Algarveko Itzulian. Eta Paris-Nizan, ez zen gai izan Matteo Jorgenson (Visma) menderatzeko. Bigarren postuarekin konformatu behar. Txukun aritu zen, baina askorik nabarmendu gabe. Etapa bihurri bateko amaiera urdurian galdu zuen lasterketa. Indarra baino gehiago, sena eta egoeraren ulermena falta izan zitzaizkion. Itzulian bizkorrago aritu beharko du, hankaz zein buruz.

Landak bikain egin zizkion bizkartzain lanak Algarven, eta, gero, aske aritu zen Kataluniako Voltan. Aspaldiko sasoirik onena izan zuen Kataluniako mendateetan. Bigarren izan zen iazko Itzulian, eta ikusteko dago zer eginkizun duen aurten. Ez dirudi ezkutari soila izango denik. Taktikoki abantaila handia eman diezaioke Soudal taldeari. Evenepoelen aurkariak aztoratzen saia daiteke, eta ezustea eman dezake faborito nagusiak elkarri begira gelditzen badira. 

Paris-Nizako ustekabe nagusia, Matteo Jorgensonen (Visma) garaipenarekin batera, Roglicen maila apala izan zen: hamargarren bukatu zuen. Gauzak ez zitzaizkion nahi bezala atera Bora taldearekin lehiatu zen lehen proban. Hainbestean zebilen, harik eta azkeneko etapan kale egin zuen arte, hotzak jota. Hala ere, Itzuliko hautagai nagusietako bat izango da: espezialista handia da astebeteko probetan, Itzulian lorturiko bi garaipenak horren erakusgarri, eta talde indartsua izango du inguruan. Jai Hindley luxuzko babeslea izango da esloveniarrarentzat, eta, Landak bezala, garrantzi taktiko handia izan dezake.  

Hindelyk hirugarren bukatu zuen Tirreno-Adriatiko, Vingegaard eta Juan Ayusoren atzetik. Pogacar ariko ez denez, valentziarrak har dezake UAE taldeko aginte makila. Sekulako maila dauka erlojuaren aurka, eta ondo moldatzen da bukaera bizi eta bortitzetan; ezaugarri aproposak dira aurtengo Itzulirako. Lehen aldiz hartuko du parte. Besteak beste, Igor Arrieta, Adam Yates, Isaac Del Toro eta Brandon McNulty izango ditu ondoan.

Bilbao eta Ion Izagirre, berriz, hamaikagarrenez lehiatuko dira etxeko lasterketan. Zarata handirik atera gabe iritsiko dira biak, baina postu on bat lortzeko gogoz. Bilbaok zeresana eman zuen Valentzian eta Arabiar Emirerrietako itzulietan, baina Paris-Nizan ez zen sartu sailkapen nagusiaren borrokan. Ezta iazko Itzulian ere: gaixo jarri zen, eta ezin izan zuen bukatu. Izagirrek bai, eta podiumean, gainera. Dagoeneko sei aldiz igo da bertara –2019an, irabazle–. Itzulia mimo handiz prestatu ohi du urtero. Haiekin batera, beste asko ageri dira bigarren mailako hautagaien zerrendan: Mattias Skjelmose (Lidl), Felix Gall (Decathlon), Carlos Rodriguez eta Tom Pidcock(Ineos), Simon Yates (Jayco), David Gaudu (Groupama)...

Su artifizialak, bukaeran

Euskal Herriko Itzuliak men egingo dio aurten bere izenari, herrialde osoa zeharkatuko baitute txirrindulariek. Hamar urte geroago, Iparraldeko errepideetan barneratuko dira. Zuberoa izango da zeharkatuko ez duten probintzia bakarra. Etzi Kanbon (Lapurdi) egongo da helmuga; 46 urte ziren Itzuliko etapa bat ez zela Iparraldean bukatzen. Lehiari bihar ekingo diote ziklistek, Irunen (Gipuzkoa) hasi eta bukatuko den hamar kilometroko erlojupeko labur eta gorabeheratsuan. Alde murritzak egongo dira faboritoen artean. Halaxe gertatuko da egun gehienetan.

Kanbon esprinta egon liteke, aldapa txikiz jositako etapa izan arren. Eta bukaera bera errepika liteke Altsasun (Nafarroa), hirugarren etapan. Ez dirudi Lizarrustik lasterketa apurtuko duenik. Ezpeletatik (Lapurdi) aterako dira.

Laugarren saioak bide eman diezaioke faboritoen lehiari. Etxarri Aranaztik abiatu (Nafarroa), eta Leintz Gatzagara (Gipuzkoa) igoko dira bukaeratik zortzi kilometroren faltan. Legution (Araba) egongo da helmuga. Antzeko gidoia izan lezake bosgarren etapak. Gasteiz (Araba) eta Zornotza (Bizkaia) lotuko ditu, eta bukaerako zirkuituan bi aldiz igoko dute Muniketa, puntuagarria ez den beste koska batekin batera. Erasora jo dezakete onenek, baina nekez izango da eztandarik. Antolatzaileek Eibarko (Gipuzkoa) etaparako gorde dituzte su artifizialak. Iazko zazpi mendate berberak igoko dituzte: Elkorrieta, Azurki, Gorla, Krabelin, Trabakua, Izua eta Urkaregi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.