1 formula

Toyotak osatu du lehen lerroa Bahrainen

Jarno Trullik lortu du Bahraingo Sari Nagusirako pole positiona, eta Timo Glockek egin du bigarren denbora onena.

Laurentzi Garmendia
2009ko apirilaren 25a
16:00
Entzun
Jarno Trullik lortu du Bahraingo Sari Nagusirako pole positiona, azkena lortu eta 66 lasterketara. Toyota autoen maila ona Timo Glockek berretsi du bigarren denborarekin. Aurreko astean Txinako Sari Nagusia irabazi zuen Sebastian Vettel hirugarren izan da, eta garaipenaren aldeko lehian sartuko da berriro. Txapelketako liderra, Jenson Button, haien atzetik sailkatu da, laugarren. Toyotarentzat aurrenekoa aldia da historian lehen lerroa osatzen duena.

Lehenengo Q1 saioko sorpresa nagusia Mark Webber kanpoan gelditu izana izan da, nahiz eta Adrian Sutilek dirudien horren errudun. Alemaniarrak oztopatu egin du Webber, eta honek ezin izan du bere itzulia behar bezala osatu. Gainerakoan, ohikoak gelditu dira kanpoan: Force India eta Toro Rossoko bi gidariak.

Hurrengo saioan, Q2an, aspaldiko partez talde indartsuenek ondo gainditu dute. Kovalainen kenduta, Ferrariko bi gidariak, Alonso eta Hamilton Q3an sartu dira. Hamilton bereziki, oso ondo aritu da orain arteko saioetan, eta bosgarren izan da azkenean. McLaren taldeak hobekuntzak sartu ditu lasterketa guztietan, eta horrela doa gora, pixkanaka.

Azken Q3 horretan, Toyota autoek eman dute erakustaldia. Goizean Glock izan da FP3an azkarrena, eta Txinan espero baino makalago ibili ondoren, Bahrainen urteko lehen bi lasterketetako maila berreskuratu dute. Glockek denbora onena egin duenean, argi gelditu da hobetzeko oso zaila izango zela, baina Trullik sekulako denbora egin du. Vettel bera segundu erditik atzera gelditu da, eta estrategiaren zain, denbora tarte oso handia dela esan behar.

Vettel, Button, Hamilton eta Barrichello oso gertu daude, baina seguruenik erregai karga desberdinekin. Hala ere, lehen itzulietan lehia ederra eskainiko dute. Alonso atzerago dago, nahiz eta Briatorek esana duen beren denboraldia hemen hasten dela benetan, puntu mardulak lortzen hasi behar dutela.

Trullik badaki Bahraingo basamortuan bigarren egitea zer den, eta gaurkoa ikusita, Glockek atzekoak mantsotuta aukera handiak ditu podiumeko maila gorena zapaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.