Azkenean iritsi da. Denboraldi hasieratik aurrean ibili dira Toyota autoak, eta Bahraingo Sari Nagusian lortu dute pole-a. Jarno Trulliren denbora gaindiezina izan da Timo Glockentzat, eta italiarrak bere bizitzako laugarren pole-a egin du. Glock taldekidea irtengo da bigarren, eta zaindu egin beharko ditu Vettel eta Button, irteeran postuak irabazten saiatuko baitira.
Italiarrak arazoak izan ditu asteburu osoan balaztekin, eta oraindik ere gaurko lasterketarako kezka iturri dira. Bahrain zuzengune eta balaztatze estiloko zirkuitua da, Melbourne eta Montrealen gisakoa, eta horri basamortuko hondarra gehituz gero, balazta diskoentzat oso lasterketa gogorra da. Bero handia ere egiten duenez, oso tentuz ibili beharko dute gidariek diskoen urradurarekin.
Nolanahi ere, Toyotaren maila ona Txinako emaitza apalaren ondoren dator. Zalantzarik gabe, irabaztea posible dute, eta bi autoak lehen lerroan izanda, talde lana baliatuko dute. Lehen lau gidariek antzeko estrategia izango dutenez, Toyota autoetako bat izango da irabazteko hautagai sendoa.
Toyotako pilotuen atzetik azken asteotako izarra gelditu zen atzo, Sebastian Vettel gaztea. Red Bullekoak bikain bete zuen berriro larunbateko zeregina, eta lehen postua bilatzeko ederki kokatuta dago. Euririk gabe aukera gutxixeago baldin badu ere, alemaniarrak uste du Toyota autoak hura baino arinago doazela erregai kargari dagokionez, eta horrek itxaropena eman dio.
Zailago izango du Jenson Buttonek. Laugarren postua ez da txarra inola ere, baina dezenteko aldea ireki da Trulliren eta haren artean, antzeko estrategia erabiltzen badute batez ere. Segundo erditik gorako aldea ezin da edonola ere jan, eta irteeran posturik irabazi ezean, lehen postuarekiko distantzia handiegia izan daiteke itzuli batzuen buruan. Buttonek berak onartu du beldur dela BrawnGP autoen abantaila ez ote den desagertu. Lasterketak esango duenaren esperoan, badirudi gainerako taldeek aurrerapausoak eman dituztela, eta BrawnGP lehengo tokian dagoela.
Atzeraxeago Lewis Hamilton sailkatu zen atzo, bosgarren. Munduko txapelduna lan aparta egiten ari da auto onik gabe. Egiari zor, McLarenek pieza berriak prestatu ditu lasterketa bakoitzean, galdutako abiadura berreskuratu nahian, eta pauso txiki horiekin aurrera egiten ari da, baina oraindik ez da auto garailea.
Nolanahi ere, Button, Hamilton, Barrichello eta Alonsok oso talde hertsia osatzen dute, antzeko estrategia aukeratu baldin badute. Hamiltonek atzera egingo du seguruenik, nahiz eta atzo podiumarekin amestea posible zela zioen. Alonsok baliteke postu batzuk irabaztea, lasterketan Renault autoa sendoagoa baita. Baina espainiarrak itxaropen handia dauka lasterketa honetan, eta huts eginez gero, Renault beherakadan sar daiteke.
Eta Ferrari zer? Italiarrek, aspaldiko partez, bi gidariak lehen hiruren artean sartu dituzte, baina zortzigarren eta hamargarren izan ziren soilik. Besteek baino erregai gehiago daramate, eta estrategia alternatiboan dira ziur. Arraroena da biek estrategia antzekoa aukeratu dutela, normalean bakarra izaten baita astun ateratzen dena. Massak iaz Bahrainen irabazi egin zuen, eta, hortaz, jakingo dute zer egiten ari diren.
Momentuko pilotu indartsuenak aurrean daude, Mark Webber izan ezik. Txinan bigarren izan zen australiarra, baina atzo ez zen gauza izan lehen txanda gainditzeko, Adrian Sutilek oztopatu baitzuen. Egindako kaltea ezin izan dute konpondu, baina Sutili hiru postuko zigorra jarri diote. Horrek lasterketa erakargarri bihurtuko du atzealdean, Webberren aurreranzko bidea ikusgarria izango baita.
Urteko laugarren lasterketa izango da gaurkoa, bost igandetan laugarrena. Aukera asko dago garaileen zerrendari beste izen bat gehitzeko, Toyotako gidari batena. Trulli ala Glock? Hor dago gakoa. Irteerak erabakiko du, neurri handi batean.
Aurreneko lauren artean izango da lehia nagusia, eta oraingoan euririk espero ez denez, garailea hortik aterako da. Hondar ekaitzaren beldur dira taldeak.
Toyotaren garaia da orain
Jarno Trullik eta Timo Glockek osatuko dute lehen lerroa gaur, Bahraingo Sari Nagusian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu