Afrika futbolaren arreta-gune da azken asteetatik hona, kontinente horretako selekzio onenak ari baitira lehian Gabonen eta Ekuatore Ginean, Afrika Kopan. Hori guztia, baina, alde batean geratu da, atzo Egiptoko futbol estadio batean izandako tragediaren ondorioz. Izan ere, gutxienez 73 lagun hil ziren eta 136 zauritu Egiptoko ipar-ekialdeko Port Said hirian, Al Masry eta Al Ahlyren arteko Ligako partidaren bukaeran izandako liskarretan.
Lekukoen arabera, partida hasi aurretik ez zen izan istilu aipagarririk, baina behin neurketa hasita, giroa berotzen joan zen pixkanaka-pixkanaka. Horrela, Al Masryk, etxeko taldeak, gol bat sartzen zuen bakoitzeko, bere zaleak zelaira salto egiten hasi ziren. Horrek Al Ahlyko jarraitzaileen haserrea eragin zuen —Deabru Gorriak Al Ahlyren muturreko taldeko kideak zeuden harmailetan—, eta haiek ere istiluak sortzen hasi ziren.
Larriena, baina, iristeko zegoen, epaileak partidaren amaiera adierazi bezain laster Al Masryko milaka zale sartu baitziren zelaira, Al Ahlyko jokalari eta entrenatzaileei eraso egiteko. Al Ahlyko kideak nola edo hala iritsi ziren aldageletara, estadioan zeuden poliziek ezer gutxi egiteko aukera izan baitzuten harmailetatik zetozen milaka lagunen aurrean. Jende erauntsi horrek, hain zuzen ere, eragin zituen hildako gehienak, pilaketa izugarria gertatu baitzen, eta lagun asko itota hil ziren.
«Abandonatu egin gaituzte»
«Segurtasun indarrek abandonatu egin gaituzte, ez dute ezer egin gu babesteko. Oraintxe bertan ikusi dut aldagelan gure zale bat hiltzen. Hau ez da futbola. Gerra bat da, eta jendea gure aurrean ari da hiltzen. Liga bertan behera utzi behar da,ikaragarria da gertatu dena, eta ezin da ahaztu. Errua gurea da, jokatzeagatik. Kirol agintariek beldurra dute Liga bertan behera uztea, diruak bakarrik axola baitu. Ez du axola pertsona baten bizitzak», salatu zuen Mohamed Abou-Treika Al Ahlyko jokalariak. Eskaerak berehala izan zuen erantzuna, Egiptoko agintariek bertan behera utzi baitzuten Liga, Port Saiden gertatutakoagatik, eta minutu batzuk geroago Kairon Zamalek eta Ismaily taldeen arteko neurketan izandako istiluengatik —epaileak bertan behera utzi zuen norgehiagoka, zaleen arteko liskarretan estadioaren zati batek su hartu zuelako—. Egiptoko Fiskaltzak ikerketa jarri du ere abian Port Saiden gertatukoa aztertzeko.
Azken hamarkadan futbolean izandako ezbeharrik larriena da atzokoa. 2001eko maiatzaren 9an 130 lagun hil ziren Akkran, Ghanako hiriburuan, Akkra Hearts eta Kumasi Ashanti taldeetako jarraitzaileen artean izandako liskarretan.
Tragediak futbola zipriztindu du
Gutxienez 73 lagun hil dira Port Saiden, Al Masry eta Al Ahly taldeen arteko partidan izandako liskarretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu