Tragediatik gertu zegoen Anoeta partida amaitzeko hamar minutu falta zirela, baina oso bestelakoa izan da amaiera. 80. minutuan, 2-3 zeuden atzetik donostiarrak, Sevillak markagailua irauli ostean. Realak, ordea, ezohiko jarrera izan du partidan zehar, eta buru makur geratu beharrean, hiru puntuak etxean geratzea lortu du.
16. minutuan hartu du aurre markagailuan Realak, Agirretxek erdiraketa bat sareratuta. Azken hiru partidetan hiru gol egin ditu usurbildarrak. Abantaila hartzearekin batera urrats bat atzera egin ohi du sasoi honetan Realak, baina bigarrenaren bila joan da. Abantaila zabaltzeko aukera izan du Canalesek, baina hark huts egin, eta hurrengo jokaldian Sevillak egin du gola, Kolok korner bat errematatuta.
Bigarren zatia hasieratik bukaerara izan da eroa. Hasi eta berehala, epaileak penalti adierazi du Realaren alde, eta Xabi Prietok maisuki sareratu du baloia. Hortik aurrera, ordea, baloiaren jabe izan da Sevilla; 68. minutuan, falta bat errematatuta berdindu du Baccak, eta 78. minutuan Sevilla aurretik jarri da, Gameirok penalti bat sartuta.
Aurrera egin beharrean izan da Reala, eta jokaldi nahasi batean lortu du hiruna berdintzea, 82. minutuan. Golak hauspotuta, garaipenaren bila joan dira txuri-urdinak, eta 90. minutuan egin du Xabi Prietok garaipenaren gola, korner bat buruz errematatuta.
27 puntu pilatuta, 10. postuan da orain Reala. Valentziarekin ariko da datorren asteburuan.