Pozik daude Leire Antia (Zumaia, 1989) eta Atsegin Odriozola (Zestoa, 1991), Zumaia Salegi Jatetxeko arraunlariak. Makina bat bandera irabazi dituzte aurten, Gipuzkoako eta Euskotren ligekin batera, eta Kontxara begira daude orain. Baina umilak dira; ez ditu harrotu garaipenaren apar gozoak, eta garbi daukate ez direla faboritoak banderarik preziatuena irabazteko. Oraingo gozamena lehengo une txarren beste alderdia da. Izan ere, neguan eta udaberrian larri ibili ziren, taldea osatu ezinda: «Uste genuen ez genuela osatuko trainerua». Grabagailua mahai gainean jarri, eta bien arteko solasaldia da ondorengoa. Hasi, arraunean hasi ziren garaiak oroituz hasi dira.
LEIRE ANTIA. Aitak txikitan eramaten ninduen estropadak ikustera, baina ez zitzaidan arrauna gustatzen. Pixkanaka ulertzen hasi nintzenean zer zen kirol hau, gustatzen hasi zitzaidan. Oikiako eskolatik Zumaiakora etorri nintzenean, hiru neska etorri zitzaizkidan galdezka, arraunean hasi nahi nuen edo. Azkar esan nien baietz. Esan zidaten ea ez ote nuen etxean galdetu behar, eta nik, ezetz, azalduko nintzela hurrengo egunean entrenatzera.
ATSEGIN ODRIOZOLA. Aitak zer esan zizun?
L. A. Aita, gustura.
A. O.Eta ama?
L. A. Ama? Tira... Horrela hasi nintzen, eta gaur arte, bueltaka.
A. O. Lagunekin Santiagoko hondartzara gindoazela uda batean, batel bat ikusi nuen entrenatzen. Mirarik [Mirari Ibarguren, taldekidea gaur egun] esan zuen: «Hasiko al gara?». Zestoan bizi da Joseba Aristi, Zumaiako patroia eta entrenatzailea izandakoa, eta hari galdetu genion zer egin behar zen. Azaltzeko esan zigun. Eta horrela hasi nintzen. Neuk neukan gogo gutxien hasi ginen haien artetik, baina azkenean, erabat lotu nau. Hasieran, bateletan jardun genuen, baina Leire eta biok ez geunden ontzi berean. Bigarren urtetik aurrera aritu ginen batera. Oso politak izan ziren bi urte haiek.
L. A.Bai, gustura ibili ginen. Traineruarena geroago izan zen, ezta?
A. O. Bai, bigarren urtearen ondoren, Zaragozan antolatu zuten estropada, selekzioka, Traineruen Kluben Elkarteko estropada han zela baliatuz. Arraroa izan zen hasiera. Ez zegoen aurreikusita traineruan aritzea, eta bat-batean, hasi egin behar genuela. Sekulako ilusioarekin hartu genuen. Pasai Donibanera joaten ginen entrenatzera, eta ederki moldatzen ginen autoan joan-etorrian, gure kontuekin [barrezka]. Orduan hasi ginen beste taldekoekin harremana izaten; polita izan zen.
L. A. Gero, hurrengo urtean, Zumaiak eta Getariak batera atera genuen trainerua.
A. O. Hura ere oso urte polita izan zen.
L. A. Historian geratuko da urte hura.
A. O. Kontxako estropadako larunbatekoa latza izan zen urte hartan. Sekulako itsasoa zegoen, eta Libana [Libana Taboada, taldekide arraunlaria, eta orduan patroia] zihoan patroi. Ez dakit nola egin zuen, baina moldatu zen, kasta handikoa baita.
L. A. Hurrengo denboraldian, Zumaiaren izenean hasi ginen on- tzia ateratzen. Hau laugarren denboraldia da dagoeneko.
A. O. Berezia da klubaren izenean ateratzea; beste zerbait da, nahiz eta aurreko esperientzia denak izan onak. Gainera, aurten, asko ari gara irabazten, nahiz eta aurreko urteetan ere talde onak eduki. Heldutasun faltagatik edo, ez genuen lana biribiltzen. Aurten, berriz, dena ari zaigu ateratzen, baina ez nuen sinetsiko hau egingo genuela esan izan balidate duela hilabete gutxi.
L. A. Aurtengo negua oso arraroa izan da.
A. O. Euskotren ligan sartzea ere ez genuen espero, atera kontuak. Urte gogorra joan da. Une oso txarrak pasatu ditugu, eta orain ari gara saria jasotzen. Negurik gogorrena izan da aurtengoa, ez genuelako ikusten trainerua osatuko genuenik.
L. A. Niretzat ere negurik gogorrena aurtengoa izan da.
A. O. Maiatzean hiru gutxiagorekin aritu ginen entrenatzen, gehiago ez ginelako.
L. A. Utzita zegoen jendeari deika aritu ginen, eta Olatz [Olatz Arrizabalaga taldekidea] azaldu zenean egundoko poza eman zigun. Negu gogorra igarotzeak indar- tsuago egin gaitu psikologikoki.
A. O. Gehiago baloratzen dugu daukaguna. Pentsa, dena lagatzekotan ere egon ginen. Urte gehien daramatzagunok ardura hartu behar izan dugu, ezin genuelako kluba horrela bazterrean utzi. Jende asko dago lanean klubean, babesleen bila, beste hainbat gauza egiten, eta ardura hartzen duzu. Leirek, esaterako, nola utziko du denboraldi erdian, 11 urte daramatza eta! Berrienak ere hasi dira konpromiso horiek hartzen, eta pozgarria da.
L.A. Berrien artean, Itsasorena [Itsaso Aramendi taldekidea] aipatzekoa da. Otsailean hasi zen arraunean, eta titularra da.
A. O. Gaitasuna dauka, berezkoa, eta fina da, oso fina. Berriak udan hasi dira ikusten zenbat eskatzen duen emakumezkoen traineruen lehiaketak. Polita da berri horiek irabazten ikustea. Norberak hasiera haietan bizi izandakoak etortzen zaizkigu gogora berriak ikustean. Berrien ilusioa ikusita, neuri ere indarra eman zidan horrek neguan, ia-ia behartuta hasi nintzelako.
L. A. Orain ari gara barruan gordetako dena ateratzen, neguan pilatutakoak eta. Igandean, Zarauzko estropada bukatu berritan, barrena hustu bezala egin nuen. Gero, Nagore patroiak [Nagore Osoro] zirikatu egin gintuen larunbatean, estropadaren aurretik, neguko gauzekin oroitzeko. Amorrazio puntu batekin atera ginen, oso lasai, baina erabat kon- tzentratuta. Bestela, ez genuen egingo estropada bikain hura. Egundokoa izan zen. Alde txikietan ibiltzea uste genuen.
A. O. Asteburuan zerbait polita lor genezakeela pentsatzen genuen, baina presiorik ez daukagu, gozatzeko garai gisa ari garelako bizitzen. Larunbatean, gozatzera atera ginen, badakigulako sekulako denboraldia ari garela egiten.
L. A. Badakigu zer egin behar dugun. Gozatzera ateratzen garenean, oso ondo egiten dugu arraunean. Lagunak gara, eta denok batera joatean, ondo ibiltzen gara.
A. O. Arraunean gustura egitea da garrantzitsuena. Emaitza onak izatea beti da hobea, baina gustura arraun egitea ere bai. Kontxan, esaterako, aurreko urtean asko ikasi nuen alde horretatik. Denek nahi dute irabazi. Pausoz pauso joan behar da; sailkatu lehendabizi, eta gero hasiko gara beste kontu batzuk egiten. Bandera ez du inork oparitzen. Kontxa irabazteko, dena egin behar da ondo.
L. A. Jendeak uste du sailkatuta gaudela, eta ez da horrela. Edozer gerta daiteke egun horretan. Askotan esaten diet taldekideei gogoratzeko Hondarribiari 2006an gertatutakoarekin, TKE liga irabazi zuenean; ez zen sailkatu. Gainera, aurten, gizonezkoekin batera gara sailkatze estropadan, eta guretzat berria da hori. Giro bereziagoa egongo da, eta hori ere kontrolatu egin beharko dugu.
A. O. Denok egin behar dugu mentalizatzeko lana. Garbi eduki behar dugu horrelako denboraldi bat ez dela berriz etorriko. Uste dut sailkatzeko eguna berezia izango dela. Edozeinek nahi du hori bizi; arraunlari batentzat ez dago parekorik.
L. A. Nire ustez, Galizia da faboritoa. Orain arteko denak irabazi dituzte, eta urtero, Zarauztik Kontxarako bidean hobekuntza izaten dute.
A. O. Bai, Galizia dago besteon gainetik, eta hura da Kontxa berriz irabazteko faboritoa.
L. A. Polita litzateke klubarentzat gizonezkoak eta emakumezkoak batera sailkatzea Kontxarako. Orduan bai emango geniola herriari su [barrez].
Leire Antia eta Atsegin Odriozola. Zumaiako arraunlariak
«Trainerua ez osatzekotan egon ginen»
Galderarik gabeko elkarrizketan murgildu dira, oraingo une gozoak, neguko malkoak, Kontxa eta hasierako urteak hizpide hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu