Betis 3-Reala 0

Trakets aritu da Reala

Ez du aukerarik izan Betisen zelaian (3-0), partida eskasa jokatu du eta. Lehen zatiko lan txarra bigarrenean pixka bat hobetu badu ere, sasoiko neurketarik okerrenetako bat egin du Imanol Alguacilen taldeak. Galtzen duen bigarren partida du segidan. 

jarraia176377.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko urtarrilaren 19a
10:00
Entzun

Zelaian lekua aurkitu ezinda. Galduta. Betisen mende. Gaizki aritu da Reala gaur Benito Villamarin zelaian, eta ezin okerrago ekin dio bigarren itzuliari. 3-0 galdu du, eta emaitzari ezin zaio inolako aitzakiarik ipini. Denboraldi honetako partidarik eskasenetakoa egin du Imanol Alguacilen taldeak. 

Itxuroso hasi da, hala ere. Ohi duen moduan, baloiaren jabetzan oinarrituta, gai izan da etxekoen goiko presioa gainditzeko, eta iritsi ere egin da aurkariaren ate ingurura. Baina berehala itzali zaizkio argiak Realari, eta ilunpe betean jokatu du lehen zatiari geratzen zitzaion pusketa luzea. Betis partidaren jabe egin da, ito egin duelako Reala presioan, eta txuri-urdinak, aldiz, ez dira gai izan gauza bera egiteko beste aldean. 

Gabezia eta zailtasun horiek guztiak gutxi ez, eta bi opari egin dizkio Realak Betisi, lehen bi goletan. Bigarrenekoa handiagoa aurrenekoan egindakoaren aldean, baina opariak azken batean. Korner batean, lasai asko egin du errematea Borja Iglesiasek, buruz, 1-0koa sartzeko. Zalduak gaizki zaindu du bera baino dezente garaiagoa den aurrelaria, eta Remiroren ateratzeko zalantzek erraztu egin dizkiote lanak Betiseko golegileari. Reala 27. minutuan hasi da galtzen emaitzan, baina partida galtzen, askoz lehenago. Handik 17 minutura, Oiarzabalek egundoko hutsa egin du, areatik gertu, aldeko alboko sake batean, eta norbere atetik horrelako opariak egitea barkaezina izaten da; Betisek ez dio barkatu, eta Joaquinek egin du bigarrena ateko zuloan. 

Partida erabakita zegoen, Realak gauza asko aldatu ezean bigarren zatian. Hobetu du pixka bat, eta zaila ere ez zeukan, lehen zatiko maila ikusita. Betisek ere utzi egin dio aurkaria goian estutzeari, eta Imanolenek, baloia lagun, jokoa berdintzea lortu dute. Aukera bat edo beste ere sortu dute, baina asmatu ez. Ikusgarria izan da Merinok zelai-erditik egindako jaurtiketa, Joel atezaina atetik aparte zebilela baliatuz, baina langak galarazi dio gola. Portuk ere egin du jaurtiketa bat kanpora gero, eta Cordero Vega epaileak eta VAR-ak ez dute ikusi Mandhik eskuarekin area barruan egindako penaltia. 

Minutuak aurrera zihoazen, eta emaitzak lehengoan jarraitzen zuen. Aspaldi zegoen erabakita zein izango zen garailea, eta garaipenari berez duen poz handia gehiago gozatzeko, hirugarrena egin du etxeko taldeak azkeneko jokaldian, 95. minutuan. Nork, eta Canalesek sartu du, Realeko jokalari ohiak. 

Realak orain Espainiako Kopa izango du, asteazkenean, Anoetan, Espanyolen aurka (21:00). Azkenaldian baino hobeto egin beharko ditu gauzak aurrera jarraitzeko. Izan ere, gaurkoa du segidan galtzen duen bigarren partida ligan, eta azkeneko lau partidetan 11 gol sartu dizkiote. 

FITXA

Betis 3: Joel Robles; Emerson, Mandi, Bartra, Alex
Moreno; Edgar; Canales, Guardado, Aleña (Guido Rodríguez, 68. min), Joaquin
(Tello, 82. min); eta Borja Iglesias (Loren, 74. min).

Reala 0: Remiro; Zaldua (Gorosabel, 80. min), Llorente, Le
Normand, Aihen Muñoz; Gebara, Merino, Odegaard; Portu (Willian
Jose, 71. min) , Oiarzabal eta Isak (Barrenetxea, 57. min).

Golak: 1-0: Borja Iglesiasek (27. min.). 2-0: Joaquinek (44. min.). 3-0: Canalesek (95. min.).

Epailea: Cordero Vega. Txartel horiak: Betiseko Guardado eta Emersoni; eta Realeko Llorenteri.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.