TXIRRINDULARITZA. KATALUNIAKO ASTEA

'Tramontana'-ren enbatari ondo eutsi diote euskaldunek eta sailkapeneko goialdean daude

Andoni Urbistondo.
DONOSTIA
2004ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Haizeak hosto, paper, txirrindulari tropela eta beste jarri zituen dantzan atzo Kataluniako Astean, Empuriabrava herri dotorera bidean (Girona). Euskal Herriko hegoaldean, Nafarroako Erriberan, hain ezaguna den ipargorriak bortitz jo zuen atzo han. Eskualde hartan tramontana esaten diote ipar-mendebaldeko haize harroari. Tramontanak zeharo txikitu zuen tropela, eta indartsuen dauden, erne jardun zuten 25 txirrindulariek bakarrik eutsi zioten lasterketa buruari.

Euskal txirrindulariek eta haizeak ez dute harreman on-ona. Ohikoagoak dira triskantzak eta berri txarrak, berri onak baino. Atzokoan ez zen horrela izan, Kataluniako Astean emaitza ona lortzeko aukera gehien duen txirrindularia, Aitor Osa gipuzkoarra (Illes Balears-Banesto), aurreko taldearekin helmugaratu zelako. Ez zen bakarra izan. Egoi Martinez, Iker Flores eta Iban Mayo (Euskaltel-Euskadi) ere han ziren.

Frank Vandenbrouckeren berpiztea

Onenen taldean sartu, eta garaipena lortzeko lana egin. Egoi Martinez nafarrak tropelaren zaintza utzi zuen bigarren mailako Pedrafita gainean. Leipheimerrek eta Cabellok lagundu zioten, baina ez zuten aurrera egitea lortu. Iker Flores urdiaindarra, Egoi Martinezen entrenamenduetako laguna saiatu zen hurrena, Sant Pere de Rodes mendatean (lehen maila). Baita lortu ere. Bakarrik igaro zen pankartapetik eta helmugaren bila abiatu zen ziztu bizian mendian behera. Talde nagusia hautsi egin zuen haizeak orduan, eta aurrean geratu zen taldeak amorru handiz tiratu zuen atzekoak are gehiago urruntzeko.

Floresen ahalegina usteldu zuen horrek, baina Martinez azken kilometroan saiatu zen berriro. Frank Vandenbroucke belgikarra itsatsi zitzaion gurpilera, eta aise gainditu zuen. Eskura eduki zuen garaipena. Berri on-ona zen haren garaipena txirrindulariarentzat, baita txirrindularitzarentzat ere, baina Beat Zberg suitzarrak aurrea hartu zion azken pedalkadan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.