Tren geldiezin bat da

Athleticek nagusitasunez irabazi dio Sportingi. Hiru puntu horiei esker, bosgarren jarri da sailkapeneanLau partida erreskan irabazi zituen azken denboraldian, Txapeldunen Ligan sartu zen

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Tren zuri-gorria azkar eta ondo dabil azken hilabetean. Aurrean aurkitzen duen guztia txikitzen eta zapaltzen ari da. Athleticek ez dauka aurkarien gupidarik. Gainerako talde gehienek baino martxa bat gehiago dauka, eta lehen minututik jartzen duen erritmoari esker aukera barik lagatzen ditu kontrarioak.Une gozoan dago Caparrosen taldea. Eta une onak aprobetxatu egin behar dira.

San Mamesen jokatzen ari den norgehigoketan sekulako indarra ari da erakusten. Jokalariek konfiantza handia dute euren buruan eta zaleen babesarekin gaindiezinak direla barneratu dute. Sportingi ere erraz irabazi zion talde zuri-gorriak. Teixiera Vitienes epaileak baloia jokoan ipintzeko agindu zuenetik joan zen aurkariaren bila. Ohiko estrategia erabali zuen. Eta, beste behin, arrakasta izan zuen. Sportingek ahal zuen guztia egin zuen Athleticen joko erauntsia kontrolatzeko. Manolo Preciadok ondo baino hobeto ezagutzen ditu talde zuri-gorriaren dohain eta gabeziak. Sportingeko entrenatzaileak jakin bazekin lehen minutuetan atea hutsean izatea ezinbestekoa izango zela San Mamesen emaitza ona eskuratzeko. Horregatik, Athleticek jokaldi guztiei bizitasuna ematen zien bitartean, neurketa baretzen eta denbora galtzen ahalegintzen zen aurkaria. Cuellar atezainaren jarrera zen talde espainiarraren estrategiaren adibide garbiena. Neurketa hasiberri egon arren, baloia jokoan jartzeko denbora asko hartzen zuen. Besteak beste, denbora galtzen hasi orduko baloia saretik atera beharrean egon zelako. Cuellarentzat zorionean epaileak ez zuen ontzat eman Athleticen gola. Antza denez, Llorentek falta egin zuen Gurpegik baloia sarean sartu aurretik. San Mamesen inor gutxik ikusi zuen aurrelari errioxarraren falta. Bigarren arrisku jokaldian Gurpegiri egin zioten penaltia askoz ere argiagoa izan zen. Baina oraingoan kontrakoa gertatu zen. Katedrala bete zuten guztiek ikusi zuten Andosillakoari egindako penaltia. Area barruan lepotik heldu eta lurrera bota zuten. Baina epaileak ez zuen ezer ikusi. Hirugarren aukeran aurkitu zuen garaipenaren giltza Athleticek. Gregoryk penalti inozoa egin zion Llorenteri. David Lopezen erdiraketa errematatzeko aukerarik izan ez arren, elastikotik heldu zion eta epaileak ikusi egin zuen. Penalti inozoa, baina argia. Eta, bide batez, bigarren txartel horia atera eta jokalari bat gutxiagorekin utzi zuen Sporting atzelariak.

Penaltia Athleticen alde, eta harmailetakoak, urduri. Aspaldian hamaika metroetatik egin beharreko jaurtiketak gurutzebidea izaten direlako jokalari zuri-gorrientzat. Zorionez ez zen Vicente Calderonen gertatutako errepikatu. Ez zen jokalarien arteko eztabaidarik egon. Guztiek zekiten David Lopezi zegokiola penaltia jaurtitzea. Eta, bestalde, estatistika kezkagarriak hobetzeko balio izan zuen, errioxarrak ez baitzuen huts egin.

Muniainen erakustaldia

David Lopezek sarera bidali zuen baloia, eta bide batez, bideratuta utzi zuen neurketa. Ordutik aurrera Sporting ez baitzen gai izan Athletic estutzeko. Zuri-gorriek hasierako bizitasunaz jokatzen jarraitu zuten, eta Orbaiz handi baten gidaritzapean dantzan ibili zuten aurkaria. Horrelako partidak artistentzat izaten dira aproposak. Zuloak maisuki aprobetxatzen dituztenentzat. Iker Muniain da ezaugarri horiek batzen dituzten futbolarietako bat. Jardunaldi batetik bestera ikaragarri hazten ari da futbolari nafarra. Atzo zutik jarri zuen San Mames behin baino gehiagotan. Athleticen bigarren golean, esaterako. Ezker hegaletik barneratu zen, ondoko marrara arte ailegatu, aurkaria gainditu ostean atzera egin zuen, pasea eman Toquerori , eta hark bigarren gola sartu. Gasteiztarrak ez zuen aukera pasatzen laga (2-0).

Bigarren zatia garaipenaz gozatzeko eta beste zelaietan gertatzen ari zenarekin kalkuluak egiten hasteko baliatu zuten zaleek. Llorentek eta Urko Verak ipini zuten interes apur bat. Izar zuri-gorria golak sartzeko amorruz dago etahamahirugarren gola sartzeko aprobetxatu zuen partida. Ederra izan zen Muniainek eta Susaetak jositako jokaldia. Hasibe- rriak, berriz, Katedralean debuta egin zuen eta ordu laurden eskas izan zuen harmailetan zeuden lagunekin une ahaztezinaz gozatzeko. «Goazen, Urko Vera» pankarta itzela makina bat aldiz erakutsi zuten neurketan zehar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.